Intzako bikoteek emaitza ezberdinekin hasi dute lehia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 23a, 12:45
Intzako senior bikotea iazko Udaberriko txapelketan lehian.

Intza Pilota elkarteko kideek Ezker Hormako Txapelketako lehen partidak jokatu zituzten irailaren 17an. Herriko taldeak aurkezturako hiru bikoteetatik, 3. mailako seniorrak bakarrik lortu zuen garaipena

EPLEren aurka estreinatu zuen senior bikoteak 2021-2022 denboraldia, Errenterian. Jon Pello Artetxeri eta Mikel Elolari partidan sartzea kosta zitzaien. Tantoak egin ahala ordea, jokoaren erritmoa ezarri eta 16-22 nagusitu ziren.

Beñat Olazabal eta Jokin Lizaso kadete mailako bikotekoak, berriz, garaipena izan zuen eskura. Behar Zanako bikotearen aurka neurtu zituzten indarrak.

Partida berdindua izan zen eta detaile txikiek erabaki zuten irabazlea. Behar Zana 22-20 gailendu zen.

Eta bigarren mailako jubenilen norgehiagokan Aretxabaleta izan zen nagusi, 22-7. Haritza Diaz de Guereñuk eta Pedro Eloseguik ezin izan zioten Aretxabaletako atzelariaren erasoei aurre egin.

Irailaren 25ean, guztiek etxean jokatuko dute bigarren jardunaldia. 11:30ean izango da lehen partida Michelin Kirol Guneko pilotalekuan. 3. mailako Senior bikoteak Behar Zana 2 izango du aurrez aurre. 2. mailako Kadete zein jubenil bikoteek, berriz, arratsaldean 16:15etik aurrera jokatuko dituzte norgehiagokak. Soraluze eta Hernani 2 taldeak izango dituzte aurkari, hurrenez hurren.