Emaitzatik haratago, gogoz hasi du Kadete Errendimendu taldeak denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 23a, 11:45
Kadete Errendimenduko taldeak ezin izan zuen Innova Hortz Klinika garaitu.

Ia urtebete lehiatu gabe egon ostean, Ostadar Saskibaloia ataleko Kadete Errendimendu taldea Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zen. Jonatan Reinok zuzentzen duen taldeak Azpeitiko Innova Hortz Klinika ISB taldea izan zuen arerio

Gogoekin atera ziren talde urdin-beltzeko jokalariak. "Gozatzeko gogoa zuten, lehiatzekoa," adierazi du prestatzaileak. Garaipena ordea,  arerioak erdietsi zuen, 43-56.

Partidako lehen zatia parekatua izan zen. Bi taldeen erasoak eta saskiratzeak txandakatzen ziren. Alabaina azpeitiarrek zortzi puntu jarraian egin eta aurre hartu zuten lehen laurdeneko azken zatian, 9-16.

Ostadarreko kadeteak ederki borrokatu ziren markagailuari buelta emateko eta bigarren laurdeneko partzialean puntu batengatik irabazi zuten. 

Bigarren zatiko lehen minutuetan egon zen partidako gakoa. Arerioak gogor eraso zuen eta zortzi puntu jarraian egin zituen. Ostadarrek, berriz, ez zuen saskiaren azpian zorterik izan. Ondorioz, partzialean hamar puntu beherago geratu zen talde urdin-beltza, 4-14. Horrek tanto-kopuru orokorrean ere isla zuen, 31-47 aurreratu zen Innova Hortz Klinika.

Hala ere, Jonatan Reinoren gazteek ez zuten amore eman eta azken laurdena ederki borrokatu zuten. Kadeteek arerioa gelditzeko falta pertsonal ugari egin arren, azpeitiarrek ez zuten pertsonaleko marratik saskiratzeak egiten asmatu. Horri esker, azken laurdenean garaile izan zen Ostadar, 12-9. 

Lana egiteko

Kadete Errendimendu taldearen prestatzaile Jonatan Reino pozarren dago taldeak lehen jardunaldi horretan egindako lanarekin. "Saskiratzeak lortu genituen eta puntuazioa ere altua izan da. Taldeko lana ere ikusi da," onartu du.

Hala ere, lan asko egiteko dagoela ere aitortu du entrenatzaileak: "Oraindik ez gaude prest. Talde polita dugun arren, heldugabe dago. Alor asko sendotu behar ditugu".

Taldearen osaera da bere esanetan egoera horren arrazoi nagusia. Izan ere, talde erdia berritu baita aurten. "Adinarengatik urtero talde erdia aldatzen da. Bigarren urteko jokalariak junior mailara igotzen dira eta gurean infantilak hartzen ditugu," azaldu du Reinok. 

Azken horientzat gainera maila aldaketa handia dela ere nabarmendu du: "Infantil mailatik kadete mailarako jauzia handia izan ohi da. Aurten gainera, jauzi hori handiagoa da. Entrenamendu eta lehiaketarik gabe egon dira. Beraz, gogor egin behar dugu lan jokalari berriak taldearen lan egitera eta lehiaketa mailara ohitzeko".

Horregatik Kadete Errendimenduko prestatzaileak ez du helburu zehatzik denboraldirako. "Irakatsi, taldea osatu, jokoaren hainbat alor hobetu eta batez ere, jokalariek ilusioa berreskuratzea dira xedeak. Lehiaketa aurrera joan ahala, arerioen maila ikusi eta horren arabera, erabakiko dugu zer egin".

Horrez gain, aurten denboraldi 'normala' izatea espero du entrenatzaileak: "Normaltasuna urrun egon arren, entrenatu, lehiatu eta jokalariek disfrutatu ahal izatea da gure esperantza".

Hurrengo arerioa BKL Loinatz izango da. Beasainen dute hitzordua, irailaren 25ean.

Lagunartekoak

Egun horretan bertan, saileko beste talde batek hasiko du denboraldia, Junior Errendimendu taldeak. 

Errenterian Oiarso SKTren aurka izango dute ikasturteko lehen norgehiagoka talde urdin-beltzeko kideek.

Partida prestatzeko Bera Bera talderen aurka neurketa izan zuten. Endika Marrahik zuzentzen duen taldeak 51-66 irabazi zuen.

Gainerako taldeak denboraldi-aurrean jarraitzen dute eta hainbat lagunarteko jokatu zituzten irailaren 18an eta 19an. Emaitzak honakoak izan ziren: 

  • Senior I. Maila: Bera Bera 51-72 Ostadar SKT
  • Kadete Partaidetza Maila: Antigua-Luberri 79-20 Ostadar SKT
  • Infantil Txiki Maila: Antigua-Luberri 62-29 Ostadar SKT