Aitor Manso Andatzatik Aiara Igoera probako podiumera igo da

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 22a, 15:30
Aitor Manso (ezkerreko lehena), Andatzatik Aiara igoerako podiumean. Arg.: Urola Kostako Hitza.

Errepide bustiari aurre egin behar izan zioten, irailaren 18an, Andatzatik Aiara Igoeran parte hartu zuten ibilgailuek. Joseba Iraolak irabazi zuen proba nagusitasunez, marka berria ezarriz. Bigarren postua eskuratzeko berriz, Aitor Manso herritarraren eta Arkaitz Ordokiren arteko borroka izan zen. Gutxigatik Manso igo zen podiumeko bigarren mailara. Horrez gain, 7. mailako lehen saria ere eskuratu zuen herritarrak

50 parte-hartzaileek bi entrenamendu saio eta bi lasterketa egin behar zituzten Andatzatik Aiara Igoera proban.

Aurreikuspenak baieztatuz Joseba Iraolak denborarik onenak egin zituen gainerako ibilgailuetatik urrun. Azken igoeran, gainera, 2020an berak ezarritako marka gainditu zuen, 01.42,511 egin ostean.

Marka ontzen

Mansok, berriz, errepidearen egoera aztertu zuen lehen entrenamenduan eta seigarren denborarik onena egin zuen, 02.07,889. "Euria egin zuen goizean eta errepidearen egoera ikusi nahi nuen," adierazi du herriko gidariak. 

Bigarren saiakeran ibilgailuaren motorrari zukua atera eta denbora hobetu zuen. Bi minutu eta 997 ehuneko behar izan zituen 3.590 metroko ibilbidea egiteko. Horrek bigarren postua jarri zuen.

kronometratuetan ere marka ondu zuen herritarrak. Azkeneko saioan, gainera, ezustekoa izan zen. 01.57,845 egin zuen Mansok eta arerioen denboren zain geratu zen.

Joseba Iraola garaiezina zela bazekien, baina espero ez zuen arerio bat aurkitu zuen, Arkaitz Ordoki. Nafarrak igoera ederra egin zuen eta herriko gidariaren antzera 1.57an geratu zuen kronoa. Ehunekoek erabaki zuten azken sailkapena. Manso 543 ehuneko azkarragoa izan zen eta horri esker, sailkapen orokorrean eta eserleku bakarreko ibilgailuen artean bigarren izan zen. 7. mailan, berriz, garaile izan zen. 

Pozik dago Manso egindako lanarekin: "Gainerako parte-hartzaileek urteak daramatzate mailan lehian, batzuek Espainiako Txapelketa lehiatzen dute; nik bost lasterketa bakarrik  egin ditut. Eta hurrengo hitzorduetarako motibatua nago".

Urrakiko igoera eta Sollubeko igoera dira txapelketa amaitzeko geratzen diren probak. Horietan puntuak lortuz gero, Gipuzkoako Txapelketa eskura du herritarrak; Euskadikoan, berriz, bigarren postua du helburu.