2021ean ere ez du Lasarte-Oria Bai! krosik antolatuko Ostadar SKTk

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 22a, 10:40
Bigarren urtez, Lasarte-Oria Bai! krosak ez ditu herriko kaleak eta inguruak korrikalariz eta ikuslez beteko.

Ostadar SKTk jakinarazi du aurten ere urriko azken igandean Lasarte-Oriako kaleak ez direla adin guztietako korrikalariz beteko. 

Ostadar SKTko kideek bi arrazoi nagusi aipatu dituzte erabakia azaltzerakoan.

Garrantzitsuena 25. urteurreneko ospakizunak ezin aurrera eramatea da. “Lasterketak merezi duen ospakizun festa antolatzeko murrizketak izango ditugu, eta ez soilik kirol arloan, baita krosa bukatu ondoren antolatu nahi ditugun ekitaldietan ere," azaldu dute.

Bestetik Eusko Jaurlaritzak orain arte jokatu diren lasterketetan jarritako baldintzak azpimarratzen dituzte "Lasterketak antolatzea berez konplexua bada, jartzen dituzten baldintza gehigarriekin are konplexuagoa da. Eta momentu honetan gure lan-taldea ez dago baldintza horiek beteko dituela ziurtatzeko moduan," adierazi dute.

Konpromisorik ezin hartu

Erabakia ongi hausnartu ostean, hartu dutela jakitera eman dute kroseko antolatzaileek: “Kontsultak egin ditugu, eta inor ez dago urrian izango ditugun baldintza zehatzak aurreratzeko moduan; baldintzak zorroztu direla da dakigun bakarra. Egoera honen aurrean, onena Kros Herrikoia eta Korrika Festa 2022ra atzeratzea dela erabaki dugu”.

Azkenik, bizi dugun egoeraren bilakaera ikusita 2022 urtean antolatzeko konpromisoa hartu ezin dutela adierazi dute, baita desira bat ere. "Esperantza izaten denez galtzen azkena, 2022ko urriaren 30ean herritar eta bisitariekin batera Lasarte-Oria koloretako zapatilekin alaitzea espero eta desio dugu", aipatu dute.