Bakailao pintxoaren ibilbidearekin bat egin dute Lasarte-Oriako bost tabernak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko ira. 22a, 09:00

Zorionekoak bakailaoarekin egindako pintxoak gustuko dituztenak: arrain mota hori oinarri duten mokaduen ibilbidearekin bat egin dute Arkupe, Avenida, Escalerilla, Jalgi eta Tiburtzio Artizar tabernek. Jakiak urriaren 3ra arte dastatu ahalko dituzte herritarrek, igandearekin.

Irailaren 21a da, asteartea. Arratsaldeko lauak. Kazetaria bazkaldu berritan joan da Jalgi kafe antzokira, eta eskerrak, Bakailao Pintxoen I. Ibilbidean parte hartuko duten bost tabernen pintxoak (plater eta guzti, agian) jango lituzke bestela, apurrik utzi gabe, argazkiak ateratzen hasi baino lehen. Bakoitzak bere erara, baina osagai komun batekin, maitasunarekin, arrain mota hori oinarri duen jaki bana prestatu du. Arkupe, Avenida, Escalerilla, Jalgi eta Tiburtzio Artizar animatu dira jarduera gastronomiko horretan parte hartzera, Gipuzkoako beste hamar hiri eta herritako ostalaritza establezimendu ugarirekin batera. Antolatzailea Gildaren eta Pintxoaren Kofradia da. 

Apunta ditzatela herritarrek bost taberna horien izenak, eta eska ditzatela pintxo berezi horiek. Ez dira galduko ibilbidea egin bitartean, guztiak baitaude erdigunean, Largoeneatik hasi eta Hipodromo Etorbideraino. Tabernariek TXINTXARRI-ri kontatu diotenez, jaki horiek dastatzeko azken eguna urriaren 3a izango da, igandea.

Bakailaoa oinarri 

Nahasmendurako aukera gutxi ematen du ekitaldiaren izenak: Bakailao Pintxoen I. Ibilbidea. Arrain mota hori da protagonista nagusia, eta taberna bakoitzak bere erara prestatu du: Arkupekoek ajoarriero erara egin dute; frijitu egin dute Avenidakoek; Escalerillakoek eta Tiburtzio Artizarrek, konfitatu; eta Jalgiko bakailaoa papurtu egin dute, beste testura bat emanez. Pintxoek are zapore eta kolore gehiago izan dezaten, beste makina bat osagai erabili dituzte bost taberna horiek. Horietako ugari aski ezagunak dira: piper gorria eta berdea, tipula, patata, baratxuria, gatza, olioa, ganbak, alberjinia, ogia... Baten batek, ordea, ukitu exotikoa eman dio prestatu duen pintxoari: mango purea eta merken izeneko bizigarri txiletarra erabili ditu Avenida tabernak, esate baterako. 

Parte hartzaileek pozarren aurkeztu dute ekitaldia, eta uste dute harrera oso ona izango duela herrian. Bezeroen iritziak entzuteko irrikaz daude. Datorren urtean bigarrenez antolatzeko asmoa azaldu dute, eta espero dute herriko ostalari gehiagok bat egitea jarduerarekin.

Gipuzkoako txapelketa 

Arestian esan bezala, pintxoen ibilbide horretan, Lasarte-Oriakoek ez ezik, Gipuzkoako beste hamar hiri eta herritako ostalari ugari parte hartzen ari dira: Irun, Ezkio, Usurbil, Zarautz Trintxerpe, Donostia, Errenteria, Hondarribia, Pasai Donibane eta Pasai San Pedrokoak dira. 

Ekitaldi gastronomiko hori bukatu eta bi egunera, urriaren 5ean, asteartez, Bakailao Pintxoen Gipuzkoako VII. Txapelketa jokatuko da Pasai Donibaneko Kulturgunean. Lehiaketa horretan parte hartuko duen ala ez taberna bakoitzak erabakiko du, eta gaur-gaurkoz behintzat, gure herrikoek ez dute haien pintxoak aurkezteko asmorik. Lastima, prestatu dituzten jakiek zer itxura duten ikusita, epaimahaiko kideak adurra zintzilik dutela geratuko lirateke eta.