Elkarrekin ari dira kantuan berriro

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 21a, 14:14

Xumelak ikasturte berriari hasiera eman dio. Astelehenero elkartuko dira, 19:30etik 20:30era. Elkarrekin kantuan egin eta "ondo pasatzea" dira taldearen helburu nagusiak. 50 lagunetik gora batu dira Oriarte institutuan egin duten lehen entseguan

Hemezortzi hilabete igaro dira Xumelako kideek elkarrekin azkenekoz kantuan egin zutenetik. Koronabirusa tarteko, asteroko entseguak bertan behera utzi behar izan dituzte, baina, aste honetan eutsi diete, berriz ere, aurrez aurreko saioei.

Irailaren 20an egin dute ikasturteko lehen kantu saioa. Oriarte institutuan elkartu dira, eta ez gutxi gainera. 50 lagunetik gora batu dira, horien artean kide berriren bat edo beste ere bai.

Kantuan hasi aurretik, gogoetarako une bat ireki dute. Joxemari Agirretxe Xumelako kideak hartu du hitza. Poza agertu du urte eta erdiren ostean, berriro ere kantuan egiteko elkartu ahal izan direlako.

Gogora ekarri du taldearen helburu nagusia zein den: "Gu elkarrekin kantuan eginez une goxo bat konpartitzeko elkartzen gara. Lagunartea sortzea eta ondo pasatzea dira helburu nagusiak".

Kantuan aritzearen aitzakiarekin, hara eta hona bidaiatzeko aukera ere izan dutela kontatu du: "Kataluniara, Galiziara, Bilbora, Elizondora eta Agurainera joan gara, eta aurten ere, aukerak sortzen badira baloratuko ditugu".

Taldearen urteurrenaz ere hitz egin dute. Hamabost urte beteko ditu udazken honetan taldeak, eta hori ospatzeko asmoa ere agertu dute.

Musika instrumentuak lagun
Koruko kideek gitarra, aho-soinu, piano zein akordeoi doinuak izan ohi dituzte lagun. Josu Txapartegi Txapas eta Joxerra San Sebastian musikariak arduratuko dira aurten ere koruko kideen ahotsak apaintzeaz, eta guztiek elkarrekin kantu-saio ederrak osatuko dituzte.

Eta horrelaxe egin dute ikasturteko lehen entseguan ere. Abestu beharreko kanta erabaki, tonua markatu, eta denek elkarrekin ekin diote abesteari. 
Doinu ezagunak entzun ahal izan dira. Horien artean abesti dituzte Behin betiko, Behin batean Loiolan, Aizkorri maldan eta Bagare, besteak beste. 
Kantuan hasi orduko pozik agertu da Txapas, ohartu baita entseatu gabe denbora luze igaro  badute ere, ahotsak "fin" mantendu dituztela.

Konturatzerako, ordea, saioa amaitzeko ordua iritsi. Ez izan dute kantuan ez beste modu batean elkar agurtu. Epo itai tai ye kantatuz eta dantzatuz agurtu dira datorren astelehenera arte.

Xumela korua Lasarte-Oriako Udalaren eta Ttakun Kultur Elkartearen hitzarmenaren baitan antolatzen den egitasmoa da.