Hondarribia Euskotren Ligatik kanpo geratu da

Txintxarri Aldizkaria 2021eko irailaren 21a

Intza Fernandez (erdian), Portugaleteko proban lehian. Arg.: Euskotren Liga / A. Arrizabalaga

Hondarribia Bertako Igogailuak, Tolosaldea, Deusto Tecuni Bilbao eta Cabo Da Cruz traineruek Euskotren Ligarako postu bat izan dute jokoan, irailaren 18an eta 19an. Hondarribia Bertako Igogailuak laugarren aldiz egin dio aurre erronkari. Alabaina, Tolosaldeak lortu du saria. Kontxako Banderan indartsu zegoela erakutsi zuen eta sailkatze probetan nagusi izan da

Bermeoko erlojupekoan egon zen asteburuko gakoa.

Intza Fernandez herritarra tostan zuela Hondarribia Bertako Igogailuak izan zen lehena itsasoratzen. Jarraian Cabo da Cruz, Tolosaldea eta Deusto atera ziren, hurrenez hurren. 

Errenta handia

Hondarribiak ziabogan denbora ona egin zuen, 5.22 eta Tolosaldeako eskifaiak bakarrik hobetu zuen, 5.19. Bigarren itzulian arazoak izan zituen ordea, Ama Guadalupekoak eta Tolosaldea gailendu zen 11,38,75: hamazazpi segundo gehiago behar izan zuten berdeek.

Errenta horri aurre egin behar izan zioten Intza Fernandezek eta Hondarribiako taldekideek Portugaleteko uretan. 

Saiatu arren, ezin izan zuten Tolosaldea garaitu. Ziabogan Tolosako taldeak hiru segundo atera zizkion Hondarrabiari eta abantaila hori mantendu zuen helmugara arte; 10.33,38 denbora egin zuten.

Bi saioetako puntuak batuta Ama Guadalupekoa bigarren izan da. Ondorioz, Intza Fernandez herritarra eta bere taldekideek ezin izan diote mailari eutsi eta Emakumeen Traineru Elkarteko ligan lehiatuko da Hondarribia Bertako Igogailuak hurrengo denboraldian.