Udal euskaltegian izena emateko epea azken txanpan sartu da

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 20a, 15:23

Lasarte-Oriako Udal Euskaltegia buru-belarri ari da 2021-2022 ikasturtea prestatzen. Matrikulatzeko epea aste honetan bukatuko da, asteazkenean, irailaren 22an. Euskaltegiko arduradunek zehaztu dutenez, toki gutxi geratzen dira libre, hasierako mailan eta B2 mailan besterik ez. Izena emateko interesa duenak 943-36 16 21 telefono zenbakira deitu dezake, edo euskaltegia@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatzi. 

Dagoeneko euskara ikasteko izena eman duten ikasleen taldeak osatzen ari dira udal euskaltegiko arduradunak. "Irailean egiten diren taldeek ekainera arte lan egingo dute". Behin ikasturtea hasita, tokirik libre egonez gero, dagoeneko martxan dauden taldeetan sartzea izango da aukera bakarra. Ia maila guztiak daude beteta honezkero, hasierako maila eta B2 maila izan ezik. Ikasleek ordutegi hauetakoren bat aukeratu dezakete: 09:00etatik 11:30era, 15:00etatik 17:30era eta 18:30etik 21:00etara. "Badakigu zer nolako ahalegina egiten duten ikasleek eguneroko zereginak eta euskara ikastea uztartzeko; hori dela eta, aukera izango dute ordu tarte horietan txandaka joateko klaseetara, horrek kontziliazioa errazten badie". 

Udalaren dirulaguntzak

Lasarte-Oriako Euskara batzordeburu Jon Antxordokik gogorarazi du dirulaguntza "oso garrantzitsuak" eskaintzen dituela Lasarte-Oriako Udalak euskara ikasteagatik: klase gehienetara joanez gero (%85, gutxienez), matrikularen %85 ordainduko du. Bestela esanda: astean hamar orduz euskara ikasiz gero, bi euro ordainduko ditu ikasle bakoitzak.

Lasarte-Oriako Udal Euskaltegia herriko erdigunean dago, Maialen Chourraut kiroldegiaren eta osasun zentroaren ondoan. "Autobus eta tren geltokiak oso gertu daude, eta autobiara sartzeko bideak ere bai; animatu eta matrikulatu euskaltegian".