Bizitza osorako kartzela zigorraren aurkako elkarretaratzea egin du Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 18a, 13:35

Unai Paroten kaleratzea eskatzeko Arrasaten egitekoak ziren martxa bertan behera utzi du ostiralean Sarek. Hori beharrean, hainbat udalerritan elkarretaratzea egin dute eguerdian, Lasarte-Orian 70 bat lagun batu dira Elizatze plazan.

Bizitza osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza leloa zuen pankarta atzean elkartu dira zenbait herritar eguerdian. Ordu laurden batez bertan egon ondoren, Joxe Mari Agirretxek adierazpena egin du, bertaratutakoei eskerrak eman ondoren.

Ekintzaren testuingurua azaltzen hasi du mintzaldia. Araudi arruntaren arabera, gehieneko kartzelaldia 30 urtekoa da, bizi osorako zigorra izan ez dadin. 7/2003 legeak, "espresuki euskal presoentzat egin zena", ordea, gainditu ezin den kopurua 40 urtera luzatzeko aukera ematen du. Egoera horretan dagoen Unai Parot eta beste hamabost bat presoren kaleratzea eskatzeko martxa egitekoak ziren gaur Arrasaten.

Azken hilabeteetan urrunketa politikarekin amaitzeko neurriak hartu direnez eta presoak Euskal Herriratzen eta hurbiltzen ari direnez, hurrengo pausoa Agirretxek zehaztu duenez, "euskal presoei legedi arrunta ezartzea da. Bizikidetzarik ez dago hori lortu ezean". Hori horrela, helburu dute zigorraren hiru laurden beteta dutenak kaleratzea, bi herena dutenei gradu aldaketak aplikatzea eta baimenekin hastea.

Lortutako zenbait helbururen aurrean kontrako jarrerak, "indar atzerakoiak, ultraeskuindarrak izan daitezkeenak, eskuindarrak, biktima elkarteak…", agertzen ari direla salatu du herritarrak. Haiekin lotu ditu azken egunotan Espainiako gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxasok eta Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpenak. Mobilizazioaren "kriminalizazioa" salatu du, asmoa desitxuratu" dutela eta "bilatzen ari ziren argazkia konfrontazioarena zela" zehaztuta. Martxa bertan behera uztea erabaki zuen Sarek, Itxasok, ordea, "gizartearen eta elkarteen presioari esker" izan dela adierazi zuen. “70 egin ditugu, Euskal Herrira zabaldu dugu aldarrikapena, ozen entzun da zer eskatzen ari garen".

Testuinguru honetan kalean egotea inoiz baino garrantzitsua dela uste du mugimenduak, presoen gaia “lehen lerroan” egoteko, aldarrikapenak azaldu eta presioa egiteko. Hala, urriaren 23an manifestazio nazionala aurrera eramango du Donostian.