Eskola Kirola egitasmoak irailaren 25era arte luzatu du izen-emate epea

Txintxarri Aldizkaria 2021eko irailaren 17a

Aurrebenjamin mailako txikiak saio batean jolasean. Arg.: Eskola Kirola.

Eskola Kirola egitasmoak urriaren 4an emango dio hasiera 2021-2022 ikasturteari. Guztia prest izate aldera, Landaberri, zein Sasoeta ikastetxeko guraso elkarteak eta egitasmoko kudeatzaile Ttakun Kultur Elkarteak solte geratzen diren gauzak lotzen ari dira

Eskola Kirola egitasmoak haurren eta gaztetxoen artean kirola sustatzea du helburu, eta horretarako, hiru programa eskaintzen ditu mailaren arabera. 

LH1-LH2 mailakoek jolasen bidez kiroletara hurbilketa egiten dute, Jolas Hezi programan.Multi Kirolean zenbait kirol lantzen dituzte LH3-LH4 mailako gaztetxoek. Eta zaharrenek, LH5-LH6 maila, taldeko kirolez gozatzen dute: futbola, saskibaloia eta beste jarduera fisiko zein kirolak.

Egitasmoko antolatzaileek azaldu dutenez, 24 talde osatu dira dagoeneko, baina ez daude itxiak. Ekainean izena eman ez zuten haur eta gaztetxoek irailaren 25era arte dute egitasmoan inskribatzeko aukera. Horretarako, dagokion ikastetxeko guraso elkartearekin jarri behar dira harremanetan.

Topaketak

Horrez gain, aurten larunbateko topaketak berreskuratuko direla jakitera eman dute Eskola Kiroleko arduradunek.

Eusko Jaurlaritzak baimendu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiko, inguruko herrietako eta Lasarte-Oriako kirol arduradunekin bildu dira eta egitasmoko arduradunak lanean ari dira egutegi bat finkatu eta jarraitu beharreko osasun protokoloa zehazteko.

Saio berezi horiek azaroan hastea aurreikusten dute egitasmoko arduradunek eta ordurako xehetasun gehiago eskainiko dizkiete parte-hartzaileei.