Saskibaloi taldeek denboraldi hasiera mailakatua izango dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 17a, 15:00
Ostadar Saskibaloia ataleko I. seniorra, iazko denboraldiko partida jokatzen.

Irailan eta urrian zehar 2021-2022 denboraldiko lehen partidak jokatuko dituzte eta guztiak lanean egon arren, batzuk besteak baino denbora gehiago izango dute ligako lehen hitzordua prestatzeko. Kantxara aterako den lehen taldea Kadete Errendimendukoa izango da. Irailaren 18an, 10:00etan, Innova Hortz taldearen aurka jokatuko dute neurketa, Maialen Chourraut kiroldegian

Ataleko arduradun Endika Marrahik azaldu digunez, partida garrantzitsua izango da jokalarientzako: " Batzuk bederatzi hilabete daramatzatela jolastu gabe, eta beste batzuk, hemezortzi hilabete. Aukera ikaragarria daukagu normaltasunera itzultzeko".

Irailaren 5ean Maialen Chourraut kiroldegian jokatutako lagunartekoan, eten horrek izan duen eraginaz kontziente izan ziren taldeko prestatzaile Jonatan Reino eta Andoni Alduncin.Nafarroako Lagunak taldea izan zuten arerio kadeteek eta 44-68 izan zen azken emaitza.

Jokalarien jardunaz pozik egon arren, taldea sendotzeko lan egin behar dutela ikusi zuten entrenatzaileek.

Egutegia falta

Kadeteez gain, I. Senior eta Junior Errendimendu taldeek bakarrik dute egutegia finkatua. 

Seniorrak Goierri taldearen aurka jokatuko du denboraldiko lehen partida, urriaren 17an, Urretxun. Irailaren 25ean, berriz, Junior Errendimenduko taldeak Oiarso izango du aurrez aurre, Errenterian.

Gainerako taldeei dagokionez,  Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak irailaren 27an deitu duen bileran denboraldiko nondik norakoak zehaztuko dituela aurreratu du Marrahik.

Berrikuntzak
Ostadar Saskibaloia atalak 2021-2022 ikasturtean bederatzi taldea izango ditu lehian. Junior Partizipazio talderik ez da egongo; senior mailan, ordea, talde berria osatu da, II. Seniorra. 

Horrez gain, harrobia landu eta sendotzeko aukera izango du taldeak Saskibaloi Eskolan gero eta haur gehiagok izena ematen baitute. "Albiste pozgarria da. Harrera oso ona izan du jarduerak eta azkenaldian asko hazi da eskola".

Agurra

Bestalde, arlo teknikoan aldaketak izan dira. Senior taldearen entrenatzaile Ander Otaegik agur esan du. "Gurekin egon da lanean proiektua martxan jarri genuenetik eta denboraldi honetan ez jarraitzea erabaki du. Pertsona oso garrantzitsua galdu dugu".

Marrahik azpimarratu du zaila dela hitzez eskertzea Otaegik urte hauetan guztietan egin duen lana. Etorkizunean berriro ere taldera itzultzea espero duela onartu du.

"Ilusioa berreskuratu"

Talde bakoitzak ikasturtean zehar bere helburua izango duen arren, saskibaloi atalak helburu nagusi bat izango duela nabarmendu du arduradun Marrahik: "Gure xede nagusia jokalarien eta entrenatzaileen ilusioa berreskuratzea da".

Kirol jarduera federatuaren etenaren ondorioz, jokalari askok kirola alde batera utzi dutela adierazi du. Horrek, entrenatzaileen motibazioan eragina izan duela ere atxiki du: "Igaro dugun denboraldiaren ondoren, kirola bera egitea eta hortik jasotzen ditugun emozioak jasotzea gogo ezaren erantzun hoberena dela uste dugu".

Horrez gain, Ostadar Saskibaloia alorreko arduradunak jakitera eman du lanean ari dela jokalariek aldagelak erabili ahal izateko baimena izan dezaten, eta baita ikusleak Maialen Chourraut kiroldegiko harmailetara itzultzeko ere. "Baina, oraindik, gurasoek ezingo dute haien alabak ikustera joan".