Intxaurrak janez kontatu dizkiote auzotarrei amatxo Loretorekin bizitakoak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 17a, 13:06

Lasarte-Oriako pailazoek, "Zorionak Marimotots" ikuskizuna eskaini dute Zabaletako frontoian. Auzoko gaztetxoekin heriotzaren gaia landu dute, umoretik eta une atsegina igaroaz. Sudurgorrien 'Amaren Intxaurrak' azken ikuskizunarekin lotura estua du Zabaletan egin duten emanaldiak, eta duela 3 urte hil zen Marimototsen amatxo Loretoren istorioa du ardatz. 

Kontatu dute intxaurrondo bat landatu zutela Loretoren omenez, bera agurtzeko, eta, orain, zuhaitz horren fruituak jasotzen hasi direnean, amatxo Loretorekin bizitako abentura mordoa kontatu dizkiete frontoian bildutako ikus-entzule gazteei. 

Ikuskizuna amaituta, intxaurrondo bat oparitu diote  Zabaleta Auzolan elkarteari, eta, hauek, dagoeneko auzoan ez dauden bizilagunen oroimenez landatuko dutela jakinarazi dute. 

Egitasmoa Zabaleta Auzolan elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatu dute, elkarlanean.