Mugikortasun jasangarriago bat helburu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 16a, 12:07

Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du, aurten ere, Lasarte-Oriako Udalak. Artelatz enpresa arduratuko da ekintzak antolatzean, nahiz eta jarduera bat baino gehiago aurrera eramateko udal departamentu ezberdinen kolaborazio ere izango duten. Adin eta gustu guztiei zuzendutako egitaraua aurkeztu dute, eta dei egin diete lasarteoriatarrei horietan parte hartzera animatu daitezen

Iazkoa baino egitarau zabalagoa izango du aurtengo Mugikortasun Asteak. Asteazken goizean aurkeztu dute aurtengo egitasmoa, Artelatz enpresako ordezkari Eli Gondatek, Agustin Valdivia alkateak, eta Itziar Gurrutxaga Ingurumen teknikariak. Irailaren 21etik 24ra bitarte izango dute lasarteoriatarrek ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera, eta egunez eguneko egitarau aurkeztu dute. 

Hilaren 21ean, asteartea, nagusien parkeko makinak erabiltzeko aholkularitza zerbitzua eskainiko dute. 10:30ean hasiko da, Kontzeju Txiki plazan eta jakinarazi dutenez, udal kiroldegiarekin elkarlanean egingo dute.

Irailaren 22an, asteazkena, berriz, Europako Mugikortasun Eguna izanik, Muittu Manttangorri hiribusaren zerbitzua doakoa izango dela iragarri dute. 

Ekintza gehienak, ordea, irailaren 24an izango dira, ostirala; adin eta gustu guztiei zuzendutako jarduerak izango dira. 15:45etik 16:45era, bizikleta martxa abiatuko da Okendo plazatik. Luzera ezberdinetako bi zirkuitu antolatu dituzte, eta ibilbidea osatu ostean, bizikletarekin egiteko jolasetan parte hartzeko aukera eskainiko dute: zinta lasterketak, trebetasun zirkuituak, jolas dibertigarriak, eta abar. 

17:00etan aisialdiko jolasak hasiko dira. Kale Nagusia ohiko ibilgailuentzat itxi egingo dute, eta espazio hori erabiliko dute jolaserako; Tajamar-eko biribilgunetik Ola kaleko biribilguneraino.

Ordubete beranduago, 18:00etan, Ostadar SKT taldeko Ipar Martxako lagunek erakustaldi bat egingo dute. 

Bigarren eskuko bizikleten azoka, eta berrikuntzak

Urteroko bigarren eskuko bizikleten azokak ez du hutsik egingo aurtengo edizioan ere. Okendo plaza erabiliko dute horretarako eta 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik. Antolatzaileek ohartarazi dute COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta, azokara bertaratzeko ezinbestekoa dela aurrez izena ematea. Horretarako honako telefono zenbakia jarri dute eskuragarri: 943- 67 02 49. Horrez gain, bizikleta azokan salgai jarri nahi dutenek, 15:00etatik 16:30era gerturatu beharko dute, bizikleten erregistroa egitera. 

Berrikuntza bat baino gehiago ere izango ditu aurtengo edizioak. Irailaren 24an, esate baterako, informazio puntu bat jarriko dute. Mugikortasuna eta teknologia berrien arteko erlazioaren gaineko informazioa eskainiko dute bertan. 

Familientzako Irakurketa Txokoa izango da beste berrikuntzetako bat, eta auto eta bizikleta elektrikoen erakusketa hirugarren berrikuntza. Azken hori Usurbilgo Lanbide Eskolarekin batera egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek; ikastetxearen auto eta bizikleta elektrikoak jarriko baitituzte ikusgai. 

Herritarrak mugikortasun jasangarriago baten alde kontzientziatzea da egitasmoaren helburu nagusia, eta antolatzaileek ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.