Erdi Aroko Xacobeo azoka, ostiraletik igandera Andatza eta Aralar plazetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 15a, 17:01
Udal ordezkariek eta Xacobeo MMXXI elkarteko kideek aurkeztu dute Xacobeo azokaren aurtengo edizioa, bosgarrena.

Erdi Arora bidaiatuko du Lasarte-Oriak asteburuan. Xacobeo azokaren bosgarren edizioa izango da Andatza eta Aralar plazetan, ostiraletik igandera. COVID-19ak eragindako egoerara moldatu dituzte jarduerak, baina feria "erakargarria" prestatu dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Lasarteoriatarren erantzuna ona izatea espero dute.

Bi urteren ostean –iaz ekitaldia ez egitea erabaki zuen Lasarte-Oriako Udalak, COVID-19ak eragindako egoeragatik–, Erdi Arora bidaiatuko du herriak. Ostiraletik igandera, irailaren 17tik 19ra, V. Erdi Aroko Xacobeo Merkatua izango da Andatza eta Aralar plazetan. Hori da aldaketetako bat, aurreko urteetako feriak Okendo plazan eta Kale Nagusian egin baitziren.

"Aurtengo azoka ez da aurrekoen gisakoa izango", ohartarazi du Agustin Valdivia alkateak. "Indarrean dauden osasun neurriak errespetatuko dira". Horren harira, Xacobeo MMXXI elkarteko –azokaren antolatu du, Eventos Globales enpresarekin batera– arduradun Pedro Carrascok jakinarazi du feriako gehieneko edukiera 800 pertsonakoa izango dela, eta aforoa uneoro kontrolatuko dutela aplikazio informatiko baten bidez. "Merkatuan egon bitartean, maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da, salbuespen batekin: elikadura postuetan jatean edo edatean". Zehaztu du osasun-neurriak tabernetako berak izango direla: distantzia soziala, mahaiko eseri daitezkeen pertsonak, eta abar. Lasarteoriatarrei gomendatu diete olagarroa jateko postura joateko. "Asko gustatuko zaie"

Egokitutako ekintzak 

Aurreko urteetan azokara joan diren herritarrek gogoratuko dituzte hegazti harraparien ikuskizun eta erakusketak, kalez kale zebiltzan musikariak eta malabaristak... Aurten ez da halakorik izango Andatza eta Aralar plazetan, koronabirusa tarteko. Edonola, tailerrak eta jarduerak prestatu dituzte antolatzaileek: ipuin kontalaria, Erdi Aroko lanbideen zein garaiko zaldunen jantzien erakusketak, instrumentu musikalen emanaldia, burdingintza tailerra... "Saio guzti horiek edukiera mugak izango dituzte", esan du Carrascok. 

Azokak ostiralean zabalduko ditu ateak, hilaren 17an, 17:00etan. Larunbateko eta igandeko ordutegiak hauek izango dira: 11:00etatik 23:00etara eta 11:00etatik 21:00etara, hurrenez hurren. "Jende pilaketak sortu ditzaketen jarduerak ez ditugu antolatu; nahiago dugu bisitariak tantaka-tantaka etortzea, eta egitasmoa gogoz hartzea, nahiz eta badirudien eguraldiak ez digula lagunduko". Inguruko herrietatik etortzekotan dabiltzanei garraio publikoa erabiltzea gomendatu die Xacobeo MMXXIeko arduradunak. Apainketa lanak burutu dituzte azken egunetan, Kale Nagusitik hasi eta Andatza eta Aralar plazetaraino. "Egia da aurreko urteetan baino jarduera gutxiago izango direla aurten, baina feriari Erdi Aroko giroa ematen saiatu gara, aurten inoiz baino gehiago", azpimarratu du.

Azokako merkatarien egoera 

Carrascok nabarmendu du pandemiak "oso gogor" zigortu dituela Lasarte-Orian izango den azoketan eta antzekoetan lan egiten duten merkatariak. "Haien diru-sarrerak izugarri murriztu dira; apenas jaso duten laguntzarik erakundeetatik". Hori dela eta, "irrikaz" daude Xacobeo ferian parte hartzeko. "Eskaera mordoa jaso ditugu, baina, tamalez, guztiak ezin izango dira etorri". Andatza plazan 50 merkatarik jarriko dituzte haien produktuak salgai, antolatzaileek zehaztu dutenez. Metro gutxi batzuetara, Aralar enparantzan, tailerrak, jarduerak eta erakusketak burutuko dituzte, besteak beste.

Erlazionatuak

Xacobeo azoka

Txintxarri Aldizkaria 2018 ira 15 Kultura