LOKEko judokak, denboraldi berria prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2021eko irailaren 15a

LOKEko kideak, Donostiako entrenamendu saioan. Arg.: LOKE Judo.

LOKEko Judo saila martxan da. Irailaren 8an, maila guztietako haur, gazte, zein helduek denboraldi berriko entrenamenduei ekin zieten Gorka Aristegi entrenatzailearen gidaritzapean.

Mailaren arabera, entrenamendu saio ezberdinak egiten dituzte judokek astean zehar Maialen Chourraut kiroldegiko tatamian. 

Hala ere, taldeko prestatzaileak azaldu digunez, federatu mailako kirolariek aurrez eman zioten hasiera denboraldiari. Irailaren 3an eta 4an, Euskal Judo federazioak antolatutako  entrenamendu saioetan izan ziren, Donostian. Horietan taldeko judokak eta Gorka Aristegi entrenatzaileak bera Jinnosuke Sora japoniarrarekin lan egiteko aukera izan zuten.

Lehia hasiera
Aristegik azaldu modura, hasiera honetako saio horiek guztiek bi helburu ezberdin izango dituzte ikasturte honetan: lehiaketak eta azterketak. 

Oraingoz ez dute egutegi osoa finkatua. Alabaina taldeko arduradunak aurreratu duenez, kadete mailako gaztetxoek emango diote hasiera txapelketa denboraldiari. Suancesen, Kantabrian antolatutako Espainiako kopako proban parte hartuko dute urriaren 15-16ko asteburuan.

Horrez gain, irailaren 25ean, kata ikastaroa izango dute Tolosan.