Chourraut, laugarren Munduko Kopan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 15a, 13:30
Chourraut, Markkleebergen, Alemanian lehiatu zen proban lehian. Arg.: RFEP.

Ur bizietako Munduko Kopako azken proba jokatu zen irailaren 10etik 13ra Pauen, Frantzian. Maialen Chourraut herritarrak eslalon K1 mailan parte hartu zuen eta zortzigarren postuan amaitu zuen lehia. Munduko Kopako sailkapen orokorrean, berriz, laugarren postua eskuratu du

Paueko sailkapeneko saioetan lehen txandan egotea egokitu zitzaion Tokioko dominadunari. Jaitsiera garbia egin eta laugarren denbora onena egin zuen. 

Finalaurrekoan ere jaitsiera garbia egin zuen herritarrak eta Paueko kanala ezagutzen zuela erakutsi zuen, 107.54 denbora eginez. Jessica Fox australiarrak bakarrik gainditu zuen Chourrauten denbora, 106.45.

Txapelketako azken jaitsieran, ordea, zailtasunak izan zituen herritarrak, ibilbideko azken zatian, batez ere.

Laugarren atea ukitu arren, denbora ona egiten zihoan lasarteoriatarra. Alabaina,    hamaseigarren eta hogeita bigarren ateetan akatsak izan zituen eta erritmoa ere mantsotu zuen. Ondorioz, podiumeko postuetatik urrun geratu zen.

Nahiz eta Munduko Kopan Tokioko Olinpiar Jokoetako bigarren postua ezin errepikatu, Munduko Kopako laugarren postuan sailkatu da Chourraut. Lau proba jokatu dira aurten – Praga, Markkleeberg, La Seu D'Urgell eta Paue – eta hiru finaletan lehiatu da herritarra. La Seu D'Urgelleko proban bakarrik geratu zen finaleko lehiatik kanpo.