3.000 euro saritan, bezeroen fideltasuna saritzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 15a, 09:39

Aterpea merkatarien elkarteak 'Bezeroaren Hamabostaldia' egingo du irailaren 20tik urriaren 1era. 78 establezimendutan erosten  duten bezeroen artean, 500 euroko bi erosketa-bonu eta 250 euroko zortzi zozkatuko dituztela iragarri dute, guztiak 10 euroko bonuetan banatuta. Zozka urriaren 6an egingo dute, Mirentxun

Asteartean egin du merkatarien elkarteak ikasturteko bigarren kanpainaren aurkezpen ekitaldia. Josema burdindegiaren atarian elkartu dira elkarteko zenbait kide, Agustin Valdivia alkateak lagunduta, hilaren 20an abiatuko duten Bezeroaren Hamabostaldiaren xehetasunen berri emateko. Kanpaina Lasarte-Oriako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduetan egingo da; guztira 78 negoziok parte hartuko dute. Horietan erosi edo kontsumitzen duten herritarren artean, 500 euroko bi erosketa-bonu eta 250 euroko beste zortzi zozkatuko dituztela iragarri dute; guztiak 10 euroko txarteletan. Hain zuzen ere, erosketa bonu bakoitza erabiltzeko gutxieneko erosketa 10 eurokoa izango da. 

Kanpainaren xede nagusiaren berri eman du Miguel Angel Prieto elkarteko lehendakariak: "Bezeroak erakartzea eta udalerriko establezimenduetan kontsumoa dinamizatzea da helburua". 

Zozkan parte hartzeko txarteltxoak

Irailaren 20an hasi eta urriaren 1ean amaituko da Bezeroaren Hamabostaldiak, eta, denbora tarte horretan kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan kontsumitzen duten bezeroek, zozkan parte hartzeko txarteltxo batzuk eskuratuko ditu. Horietan izen-abizenak eta telefono zenbaki bat adierazi beharko dituzte. Zozkan garaile irteten diren herritarrekin harremanetan jartzeko bilduko dituzte datu horiek.

Zozkaren data ere iragarri dute; urriaren 6an, asteazkena, izango da, Mirentxun, eta erosketa-bonuak erabiltzeko hilabeteko epea (azaroaren 6ra arte) izango dute sarituek.

Udala eta Aterpea

Agustin Valdivia alkateak dei egin die herritarrei kanpainarekin bat egin eta herriko merkataritzan kontsumitu dezaten. Bide batez, balioan jarri du merkatarien elkarteak egiten duen lana, eta eskerrak eman dizkie herriko komertzioaren alde egiten duten lanagatik.