Iragan martxoan argitaratu zuen Txema Pikabea Bereziartuak (Lasarte-Oria, 1971) Lía izeneko bere azken idatzizko lana. Letrame argitaletxearekin argitaratu du nobela, eta hain zuzen ere, argitaletxeak antolatutako Primeros Premios Letrame 2021 sari banaketako garailea izan da, nobela beltzen sailean.
Oraindik ere "gertatutakoa sinetsi ezinik" aurkitu du aldizkariko kazetariak idazle lasarteoriatarra: "Espainia mailan 1.000 lan baino gehiago aurkeztu dira, eta horien artean, nirea lehenengo hiruren artean sailkatzea sekulakoa izan da, eta irabaztea, berriz, izugarria. Ezin dut sinetsi".
Aurrez esan bezala, nobela beltzen sailean lehiatu da Lía, hain zuzen ere, mota horretako idatziek izan ohi dituzten ezaugarriak betetzen dituelako Pikabearenak ere: "Trama bat aurkezten da, amaieran zuzenduko dena, eta, hain zuzen ere, misterioak amaierara arte eusten diolako da nobela beltza. Hiru edo lau istorio kontatzen dira, elkarren artean lotzen direnak. Korapilatsua da istorioa, pixkanaka askatzen doana".
"Idazten jarraitzeko bultzada"
Pikabeak kontatu du nobelak idaztea ez dela bere ogibidea, gustuko duelako egiten duela: "Idaztea gustuko dudalako egiten dut, eta sortzen dudana jendearen gustukoa izateko ahalegina egiten dut. Irakurleek gustuko izatea da niretzat garrantzitsuena".
Sariketarako lehen hiru onenen artean sailkatu zela ikusi zuenean "sekulako poza" hartu zuen herritarrak, baina, "ahalik eta lasaien" hartzen saiatu da: "Izugarrizko poztasuna sentitu dut; idazten jarraitzeko bultzada eman dit sariak". Hori bai, ingurukoek behin eta berriro lehen saria irabazi zezakeela esateak, gertukoen itxaropen horrek "presio apur bat" ere sentiarazi diola ere aitortu du: "Niretzat finalean egotea sekulakoa izan da".
Nobela beltz onenaren sari gisa garaikur bat eskuratu duela kontatu dio aldizkariari. Almeriako El Ejido herrian egin dute sari banaketa, eta ekitaldi horren inguruko zenbait xehetasun ere eamn ditu:"Bost izarreko hotel batean elkartu ginen, lorategi eder batean, photocall eta guzti".
TXINTXARRI aldizkariko kazetariak hasi gara herritarraren Lía liburua irakurtzen, eta datozen asteetan argitaratu asmo dugu idazleari liburuaren inguruan egindako elkarrizketa.