Beroa eta hezetasuna ez dira oztopo izan asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 14a, 13:48

Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) kideak han eta hemen ari dira mendi lasterketez gozatzen: Idiazabalen eta Katalunian izan dira batzuk asteburuan, eta baldintza metereologikoak onenak izan ez badira ere, lan txukuna egin dute.

LOTMEko lasterkariak han eta hemen ibili dira azkenaldian, mendi lasterketez gozatzen. Gozatzen, baina majo izerditzen ere bai, beroak eta hezetasunak estu hartu baititu parte-hartzaileak. Idiazabalen izan dira LOTMEko zenbait kide, Axari Trail Mendi Lasterketan parte hartzen. Horietako batzuek 25 kilometroko ibilbidea egin dute. Ibon Aguirrek (2.36.58ko denbora egin du), Xanti Trantxek (2.53.31), Imanol Galarragak (2.57.21), Karlos Gonzalezek (3.02.44) eta Javi Olazagoitiak (3.11.05) parte hartu dute. Haritz Curielek, aldiz, hamabost kilometroko proba burutu du, eta 1.41.43 egin du. Elkarteko kideek TXINTXARRI-ri adierazi diotenez, parte-hartzaile guztiek amaitu dute lasterketa, eta zenbaitek "denbora puskak" burutu dituzte.

LOTMEko beste bi kide Katalunian izan dira, Canfranc lasterketan parte hartzen. Ines Aguadok 45 kilometroko proba egin du, honako denborarekin: 9.24.59. Angel Carreterok, berriz, hamasei kilometroko lasterketa egin du (5.18.10). 

Kide gehienak irailaren 26ko III. Mendi Festa "buru-belarri" prestatzen ari direla zehaztu du elkarteak.