Lehen hiru puntuak lortu dituzte urdin-beltzek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 12a, 17:25

2021-2022 denboraldia garaipenarekin hasi du Ostadar SKTko Erregional Gorenak. Michelin kirolgunean gaur goizean jokatutako norgehiagokan Hernani B izan du aurrez aurre, eta 3-2 gailendu dira etxekoak, nahiz eta galtzen hasi. 

Behar baino gehiago sufrituta, Ostadarrek denboraldiko aurreneko hiru puntuak zakuratu ditu. Raul Pitu Rodriguez eta Unai Iribarrek prestatutako taldea hobeto zelairatu da eta aukera garbiak sortu ditu, baina ez du ate aurrean asmatu, eta hernaniarrak 0-1 aurreratu dira. Emaitza horrekin heldu dira atsedenaldira.

Bigarren zatian indarberrituta zelairatu dira urdin-beltzak eta markagailuari buelta ematea lortu dute; eta nola gainera: bata bestearen atzetik sartu dituzte hiru gol. Etxekoen aurreneko biak Xabi Etxeberriak eta Ivan Ruizek sartu dituzte, eta hirugarrena, Hernaniko atezainak bere atean.

Lan zailena eginda, laugarrenaren bila hasi da Ostadar, baina zelairatu eta gutxira min hartu du Iñigo Gonzalezek, eta taldeak bat gutxiagorekin jokatu behar izan ditu azken minutuak. Gogotik estutu du Hernanik, bigarren gola sartu du, baina etxekoek lan izugarria egin dute defentsan eta hiru puntuak poltsikoratu dituzte. 

Datorren astean Getariako Ketaren aurka neurtuko dituzte indarrak lasarteoriatarrek.