Naturan murgildu, barne oreka berreskuratzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 11a, 10:07

Lasarte-Oriako Udalak eta Artelatzek antolatutako Aste Berdea hasteko, baso bainua ekimena egin dute Zumaburu parkean ostiral arratsaldean. Japonian sortutako jarduera honek zentzumenen bidez naturarekin harremana sustatzen du, estresa edota antsietatea murrizteko.

Udaletxe berriaren atarian elkartu, eta handik abiatu zuten ibilaldia. Pauso gutxi batzuk besterik ez zituzten egin hasteko, Askatasuna parkeko belargune batera igo, eta dinamikaren berri eman baitzien gidari lana egin zuen Amaiak. Bere burua aurkeztu eta eskaera egin zien biribila osatuz aurrean zituen hamasei lagunei: helburu edo mugarik ez zehazteko. Ondoren, ekimenaren jatorria, nondik norakoak eta onurak azaldu zizkien. 

Shinrin-yoku edo baso bainua Japoniatik datorren jarduera bat da, xede duena zentzumen bidez naturaz gozatzeko aukera ematea. Hau da, beste begirada batetik naturan murgiltzea, harekin bat egitea. Besteak beste, estresa eta antsietatea murrizteko lagungarria ere bada. Zehaztapenak eginda, gorputza mugitu eta tentsioa askatzeko eskatu zien, "animaliek bustitzen direnean egiten duten moduan". Jarraian, banan bana, biribila osatzen zuten kideek euren izena eta gustuko duten zuhaitz bat esan zuten. Aurkezpena osatuta, aurrera egin zuten.

Lasarte hitzaren esanahiari helduta –"erreka artean"–, ura izan zen bi orduko ibilbidearen ildoa. Bidean gidariak zenbait proposamen luzatu zizkien, nahi zuenak egin zitzan, eta denboraz ardura ez zitezen, kukuaren soinuarekin adierazi zien tarte bakoitzaren bukaera.

Arreta bideratu

Ibai ertzean gelditu, eta gonbidapen berri bat egin zien Amaiak: dualitatea. Zumaburu parkera bidean beste modu batera begiratu eta entzutea, albo bietara begiratu eta arreta berezia jartzea entzumenari. Hara gerturatu ahala, uraren eta txorien soinua gailentzen joan zen eta natura nagusitzen, begirada eskuinera bideratuz gero. Zorioneko ezusteko bat ere izan zuten: koartza gorri eta koartza hauskara bana ikusi zituzten Oria ibaiaren ibilguan. "Esan egin diegu ordu honetan etortzeko", bota zien dinamizatzaileak, nahiz eta jarraian onartu lanean daramatzan hogei urteetan koartza gorria ikusi zuen lehen aldia zela. 

Zumaburura heltzean irla parke nola bilakatu zen kontatu zieten, baita auzo berriak eta industrializazioak ekarritako moldaketa edota gerora egindako gunearen berreskuratzea ere. Behin kokatuta, beste zeregin bat izan zuten partaideek: Edozein hosto aukeratu, eta euren eskuekin alderatzea, berdintasunez eta desberdintasunez ohartzeko eta ukimena ere lantzeko. Usaimena, berriz, aromaterapiaren bidez piztu zuten, zenbait olio usainduta. 

Bost zentzumenak prest zituztela, zuhaitz artean barneratzen joan ziren, inguruan murgiltzen eta naturaz bustitzen.

Ibai garbiketa 

Naturarekin eta ingurumenarekin lotura zuzena duelako aukeratu zuten ekimen hau Aste Berdearen antolatzaileek. Hurrengo saioa hilaren 25ean, larunbata, egingo dute. Goizeko 09:00etan hasita, ibaiertza garbituko dute.