Kontu-hartzaileak aurreko ekitaldian egindako erreparo txostenen kontu ematearen ostean, kredituak aldatzeko espedienteen kontu-ematea onartu du udalbatzarrak, aho batez. Horren ostean, Lasarte-Oriako eraikin eta etxebizitzetan energia hobetzeko jarduerak sustatzeko laguntzak onartu dituzte; zehazki, haiek arautuko dituen oinarriak.
Ereduaz eztabaidan
Michelin II eremuaren hiri antolamenduko plana "behin betiko" onartu du udalbatzarrak, PSE-EE eta EAJren aldeko bozkekin. Aurkako iritzia eman du EH Bilduk, eta abstenitu egin da Elkarrekin Lasarte-Oria Puede (ELOP).
Michelin II eremuaren egitasmoa "galdutako aukera" dela uste du EH Bilduk, hastapenetan industrialde bat eraikitzea zelako asmoa, baina azkenean udal gobernuak eta Michelinek berak merkataritza zentro bat eraikitzearen alde egin dutelako. "Udal gobernuaren anbizio faltaren eta ezgaitasunaren ondorioa da hori; azpimarratu behar da lur zati hori besterik ez duela libre Lasarte-Oriak, erabilera industriala sustatu ahal izateko". Hori dela eta, aurka bozkatzea erabaki du.
ELOP, berriz, abstenitu egin da. "Enplegua sustatu dezakeela uste dugu eta baloratzen dugu hori, baina zalantzak ditugu; ziurrenik, ez dira kalitatezko enpleguak izango. Enpresen interes ekonomikoak garbi ikusten ditugu, baina herritarrena, ez horrenbeste", azaldu du David Aresek.
EAJk behin baino gehiagotan erakutsi du alde dagoela, eta ez du iritziz aldatu udalbatzarrean. Edonola ere, jeltzaleek uste dute Plaincorekin (lur eremuaren jabearekin) bere garaian sinatutako hitzarmena berrikusi egin behar dela, eta klausula batzuk aldatu, "hizkuntza aldetik batez ere".
Galderak eta erreguak
ELOP eta EAJ alderdiek galdera eta erregun bana egin dizkiote udal gobernuari, hurrenez hurren. Atsobakar egoitzan "gabezia batzuk" identifikatu direla-eta, udal gobernuak eskutitza bidali zion Kabiari, eraikina kudeatzen duenari, eta ELOPek jakin nahi izan du ea erantzunik jaso duen. Lourdes Acevedok (PSE-EE) baietz esan du: "Kabiak esan digu joan dela egoitzara egoera ikustera, eta ikertu beharrekoa ikertuko zutela. Zehaztapen gehiago dituztenean abisatuko gaituztela".
Jeltzaleek udal gobernuari proposatu diote Nahia Zudaire igerilariari harrera ekitaldia egitea Lasarte-Orian, abuztuan Maialen Chourrautekin egin bezala. Horren aurrean, Agustin Valdivia alkateak (PSE-EE) erantzun du aitortza egiteko asmotan ari direla, baina Zudaire oporretara joan dela bi astez, eta itzultzen denean burutuko dutela omenalditxoa.