Ostadar SKTko Erregional Gorena, lehen partidaren zain

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 10a, 11:00
Ostadar SKTko (laranjaz) eta Vasconiako jokalariak, baloiaren jabetza lehiatzen.

Baloia biraka hasiko da Gipuzkoako futbol zelaietan. 2021-2022 denboraldia hasiko da talde federatuentzat eta Ostadar SKTko hiru taldek  euren lehen partida ofiziala jokatuko dute: Erregional Gorenak, Jubenil Ohorezko taldeak eta Kadete Ohorezko taldeak

Kadete Ohorezko Mailako taldea izango da lehena zelaira jauzi egiten. Villabonako Arratzain zelaian etxeko taldea izango du aurrez aurre irailaren 10ean, ostiralarekin. 

Jubenilen Ohorezko taldeko kideek Tolosan izango dute denboraldiko lehen aurkari. Hitzordua, irailaren 11n, larunbata, 18:00etan Usabalen (Tolosa).

Taldea prestatzen

Erregional Gorengo taldeak, berriz, igandean, irailaren 12an, jokatuko du, etxean. Hernani izango du aurrez aurre, 10:30etik aurrera, Raul Pitu Rodriguezen eta Unai Iribarren taldeak. 2020-2021 denboraldi ezohikoan ez lehiatzea erabaki zuten, Gipuzkoako federazioak antolatutako lagunarteko txapelketari uko eginda. Abuztuaren 9an hasi zituen entrenamenduak.

Talde urdin-beltzeko muina mantentzen den arren, Ostadar SKTra itzuli edo lehen taldera igo diren  jubenilekin osatu du taldea. "Hiru jubenil igo dira. Iaz jokatzerik izan ezin zuten bi fitxaketa ditugu: Iñigo Gonzalez eta Zarauztik etorri zen Andoni Sanchez. Gainera, Pasaian 3. mailan zegoen Julen Campo eta Vasconian zegoen Aitor Igarriz itzuli dira. Jokalari horiek taldea indartu dutela esan daiteke", azaldu du entrenatzaileak.

Entrenamenduetan gogor lan egiteaz gain, denboraldiaurrean bost lagunarteko jokatu ditu Erregional Gorengoak. "Iaz ez lehiatzea erabaki genuen, eta baloiarekin 'adiskidetzeko,' ahal genituen lagunarteko gehienak jokatzea erabaki nuen", azaldu du Rodriguezek. Landetxa, Dunboa-Eguzki, San Marcial, Axular eta Vasconia izan ditu arerio Ostadarrek. 

Itxura ona

Erregional Goreneko Vasconiaren aurkako neurketa irailaren 4an, Michelin kirolgunean jokatu zen, eta 3-1 gailendu ziren etxekoak.

Ez da hori irabazi duen partida bakarra izan. Izan ere, norgehiagoka bakarra galdu du taldeak liga prestaketa-lanetan; Dunboa-Eguzkik 3-2 garaitu zuen talde urdin-beltza. 

Horregatik, liga hasteko prest dagoela uste du taldeko entrenatzaile Rodriguezek: "Itxura ona du taldeak". 

Hala ere, oraindik hobetzeko gauzak daudela ere jakitun da. "Partidetan taldeak dituen sentsazioen arabera egingo dugu lan denboraldian zehar".

Horri esker, pausoz pauso, partidaz partida helburua lortzea espero du entrenatzaileak, igoera faserako sailkapena. "Aurten hiru multzotan banatu gaituzte eta bakoitzako lehen lauak sailkatuko dira igoera faserako. Horien artean egotea espero dugu. Eta gero, gerokoak".

Lehen hitzordua Hernaniren aurka du, irailaren 12an, igandez. "B taldea da, beraz, maila handiko jokalariak izango ditu. Nik jokalariei esaten diedan bezala, Gu ez gara Real Madril, eta ez ditugu hiru jokalari partida erabaki ahal dutenak; gu talde  batgara eta guztiok batera partidak aurrera atera behar ditugu. Ezin gara arerioez fio", azpimarratu du Erregional Gorengoaren entrenatzaileak.