Intza pilota taldea, denboraldia hasteko prest

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 10a, 09:30
Kadete mailako pilotariak, iazko txapelketan lehian.

Intza pilota elkarteko pilotari federatuak denboraldia hasteko prest daude. Asteak daramatzate entrenatzen eta irailaren 17-19ko asteburuan binakako ezker hormako Gipuzkoako txapelketan emango dituzte lehen pilotakadak

Lasarte-Oriako pilota elkartea hiru mailan lehiatuko da: 3. seniorra, 2. jubenila eta 2. kadetea. Kanpoan hasiko dute lehia Intzako bikoteek; etxeko lehen jardunaldia irailaren 26ko asteburuan izango da.

Intza pilota eskolako haur eta gaztetxoek, berriz, irailaren 14an hasiko dituzte entrenamenduak. Astearte eta ostegunetan benjamin, alebin eta infantil mailako saioak egingo dira Michelin kirol guneko pilotalekuan.

Ordubeteko saioak izango dira. 2012. eta 2013. urteetan jaiotako txikiek 17:30ean izango dute hitzordua; 2010ean eta 2011n jaiotakoek, 18:30ean; eta 2008. eta 2009. urteetako gaztetxoek, 19:30ean.

Pilotan trebatu nahi duten haur eta gazteek eskolan izena emateko aukera izango dute irailean zehar, dagokien entrenamendu saioa baino lehen. 
Informazio gehiago eskuratu nahiez gero, eskolako arduradun Jose Felix Solanorekin harremanetan jarri behar dira interesatuak. Telefonoa, hauxe: 657 77 03 18.