Chourraut, lehiaz lehia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 16:15
Maialen Chourraut, La Seu d'Urgelen ospatutako Munduko kopako proban lehian. Arg.: RFEP/Agustí Cucurulls

Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina lortu eta Lasarte-Oriako herritarrek harrera beroa egin ostean, Maialen Chourraut piraguistak Sort, Kataluniara egin zuen bidaia abuztuaren 7an eta 8an Espainiako txapelketan parte hartzera; K1 mailako eta C1 beterano mailako txapeldun izan zen

K1 mailan borroka ikusi ahal izan zen. Kanporaketa eta final-erdian, Club deportivo Mig Segreko Laia Sorribesek eta Atletico San Sebastian taldeko kide Miren Lazkanok garaipena erraz jarriko ez ziotela ikusi zen.

Finalean, ordea, Chourrauten esperientzia nagusitu zen. Sorribes eta Lazkano baino azkarragoa izan zen eta titulu berria gehitu zuen bere garaipen-zerrendara.

Hori gutxi balitz bezala, C1 beterano mailan ere lehiatu zen herritarra garaipena erdietsiz.

Sailkapenean jaitsiera garbia egin zuen arren, finalean bederatzigarren atean arazoak izan zituen herritarrak. Hala ere, lehen postuan amaitu zuen proba.

Munduko Kopa

Irailaren 3tik 5era, berriz, Munduko kopako proba jokatu zen La Seu d'Urgell, Katalunian. 

Olinpiar jokoetako arerioak, berriro ere, aurrez aurre izan zituen Chourrautek. Tamalez, ezin izan zen finalera iritsi. 

Final erdian 95.75ko marka egin arren, jaitsieran bi atea ukitu zituen herritarrak eta horrek 4 segundo gehitu zizkion. Hamaikagarren postuan amaitu zuen lehia Tokioko zilarrezko dominadunak, sailkapena ematen zuen hamargarren postutik ehuneko gutxitara. 

Tokion brontzezko domina erdietsi zuen Jessica Fox australiarrak eraman zuen garaikurra.

Asteburu honetan kendu ahalko du arantza lasarteoriatarrak, Paue, Frantzian lehiatuko den Munduko Kopako finalean. 

Ostiralean, irailaren 10ean K1 mailako sailkapen proba jokatuko da eta irailaren 11n, berriz, final-aurrekoa eta finala.