Lehia estua, Kontxako banderan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 11:30
Donostia Arraun Lagunak, Kontxako banderako sailkapenean lehian. Arg.: Donostia Arraun Lagunak.

Donostia Arraun Lagunak, Orio Orialki, Donostiarra eta Hondarribia Bertako igogailuak Euskotren Ligako lau traineruak igandean, irailaren 12an, 10:00etatik aurrera, Kontxako bandera lehiatuko dute. Lugañene eta mirotzen arteko lehia estua espero da lehen jardunaldian biek estropadako errekorra hautsi ostean

Irailaren 5ean, probako lehen jardunaldian lortu zuten sailkapena lau ontziek. Herritarrak kide dituzten eskifaiak, Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako igogailuak, bigarren txandan parte hartu zuten. Hibaika eta Chapela izan zituzten arerio.

Lehen txandan, Orio Orialki izan zen nagusi. Estropadako denborarik onena markatu zuen mirotzen taldeak, 10:33,26. Donostiarra bigarren izan zen, 10:40,24; hirugarren postua  Tolosaldeak erdietsi zuen, 10:46,68 eta azkenik, Deusto helmugaratu zen. Euren lana eginda zain geratu ziren.

Denbora horiek buruan itsasoratu ziren bigarren txandako ontziak eta Donostia Arraun Lagunakek, berriro ere, Kontxako bandera irabazteko hautagai dela erakutsi zuen talde horiak lehen txandan ezarritako errekorra gaindituz. 

Hasieratik beste aurkariei aurre hartu eta Orio Orialkik lehen txandan egin antzera 5 minutu eta 03 segundo behar izan zituen ziaboga iristeko. Bigarren luzean, berriz, azkarragoa izan zen Lugañene eta 10:31,62 denbora egin zuen helmugan.

Atzetik, hamahiru segundora iritsi zen Hondarribia Bertako Igogailuak. Taldeko kide Intza Fernandezek azaldu digunez, "gure Estropada egitera atera ginen, Arraun Lagunak urruti geratu zitzaigun hasieratik eta beste erreferentziak hartu genituen kontuan". Eta sailkapen orokorrean laugarren denborarik onena egin zuen Ohorezko txandan sailkatuz.

Hibaikak 10:49,16 behar izan zuen ibilbidea egiteko eta Chapelako galiziarrek, 10:58,74.

Helburu ezberdinak
Talde berdea pozik da, berriro ere, Kontxako badian Ohorezko txandan lehiatu ahal izateagatik.  Fernandezek aipatu modura, astez aste euren helburua aldatzen joan da: "Gure helburua hasieran Kontxarako sailkatzea zen eta gero, Ohorezko txandan sartzea." 

Euskotren Ligan gertatutakoaren ostean, Hondarribia Bertako igogailuak taldeko kideek ez dute bandera buruan, baina Ohorezko txandan euren hoberena emango dutela aurreratu du Fernandez herritarrak. "Gure bertsio onena ematen saiatuko gara. Ezustekorik ematekotan denbora hobekuntza bat izango da. Denboraldi osoa nola joan zaigun ikusita, nahiko zaila ikusten dut beste munduko zerbait egitea orain azkeneko estropadan. Izan ere, jaso dugun prestaketa puntu bateraino iristen baita".

Era berean, Kontxako banderako sailkapena eta bi saioak Euskotren Ligako jaitsiera prestatzeko baliagarriak izan direla onartu du. "Kontxako banderak, batez ere, playoffera doazen aurkariak ikusi eta taldearen egoera neurtzeko balio izan digu".

Donostia Arraun Lagunak tostako kide Aiora Belartietak eta bere talde kideek bestalde,  bandera dute helburu. Gipuzkoako, Euskadiko eta Euskotren Ligako banderak irabazi ostean, Kontxako Bandera ere eskuratzeak denboraldi paregabea biribilduko luke.

Alabaina, saria bereganatzeko berriro ere Orio Orialki gainditu beharko dute Ohorezko txandan. Segundo bat eta 64 ehuneko. Hori da bi taldeen arteko aldea. "Lehia parekatua" espero dute, beraz, Lugañeneko eskifaia kideek Belartietaren hitzetan. 

Donostiarra Lacturalek edo Hondarribi Bertako Igogailuak taldeak 8 segundo eta 14 segundotara daude, hurrez hurren, eta horrek lasaitasuna ematen diela onartu du Lugañeneko kideak. Hala ere, estropadan ezustekoa eman dezaketela uste du Belartietak.