2021-2022 IKASTURTEA

Kurtso berri bati hasiera, iazko osasun neurriekin

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 11:40

Sasoeta-Zumaburu, Landaberri-Garaikoetxea eta Oriarte BHIko ikasle eta irakasleek 2021-2022 ikasturteari ekin diote gaur goizean. Urduritasuna, poza, emozioa, tristura... Emozio saltsa ugari sortu dira ikastetxeen sarreretan. COVID-19aren pandemia tarteko, osasun protokoloak ez dira aldatu.

Uztaila eta abuztua opor giroan igaro ostean, iritsi da berriz ere ikasketei ekiteko garaia. Iazko nekeak gaindituta, indarberrituta, deskantsua hartuta, ziur batek baino gehiagok sentitu duela gelakideekin elkartu eta udan bizitakoak elkarbanatzeko gogoa, nahiz eta beste hainbatek gusturago kontatuko lizkioketen elkarri kontuak, eskolatik kanpo. 

Ekidin ezina da, ordea, ikastetxera itzultzeko eguna, eta Lasarte-Oriako ikasleek ez dute hutsik egin.

Irailaren 9an ekin diote Sasoeta-Zumaburu, Landaberri-Garaikoetxea eta Oriarte BHIko ikasle eta irakasleek 2021-2022 ikasturteari. Urduritasuna, poza, emozioa, tristura. Emozio saltsa ugari sortu dira ikastetxeen sarreretan. 

Ikasturte berri bat hasi dute, baina COVID-19ak eragindako pandemiari aurre hartzeko  ezagunak dituzten neurriek mantentzen jarraitu beharko dute. Jakin badakite, esaterako,  maskarak jantzita egon behar dutela, eta burbuila bereko ikaskideekin batu daitezkeela.
Horrela, eskolako materialez betetako bizkarrekoak gainean hartu eta hasi dute bide berri bat, eta irakasleek prestatutako ikasturteari aurre egin beharko diote orain. 

Hain zuzen ere, Sasoeta-Zumaburuko, Landaberri-Garaikoetxeako eta Oriarteko zuzendaritza taldeekin hitz egin du TXINTXARRI-k, 2021-2022 ikasturtearen nondik norakoak biltzeko. 

Sasoeta-Zumaburu

Urduritasuna, emozioa, poza, tristura ere bai baten batek... Emozio saltsa Sasoeta LHn. Dena den, sentimendu horiek gaztetxoen aurpegietan atzematea ez da erraza izan, iaz bezala, maskarak jantzita eraman behar dituztelako. Ikasturte berria, baina iazko osasun neurriak: ratio bera geletan, ikasleen burbuilak...

Sasoeta-Zumaburuk zuzendaritza taldea aldatu du: Maria Sastre da zuzendari berria. Ikasturtea hasi aurreko asteetan oso lanpetuta ibili bada, zer esanik ez lehenengo egunean, irailaren 9an, osteguna. Telefonoa jo eta jo, gurasoak galdezka, ikasgelak antolatu beharra... Hala ere, tartetxo bat atera du TXINTXARRI-ko kazetariarekin hitz egiteko, eta eskertu du: "Tentsio pixka bat askatzeko balio izan dit". 

Ikastetxeetan jarraitu beharreko protokoloa iazko bera denez, "errazagoa" izan da ikasturtea antolatzea, baina horrek ez du esan nahi aise egin dutenik. "Azpimarratu nahi dut irakasleak egiten ari diren lana; oso-oso langileak dira, zorte izugarria dugu". Iazko kurtsoa "oso nekatuta" bukatu zuten langileek. "Fisikoki bainoago, mentalki". Pilak "guztiz deskargatuta" zituztela joan ziren oporretara, baina kargatu dituzte atzera ere, eta "gogotsu" daude haurrak hezteko. "Alde emozionala lantzea ezinbestekoa da; ikasleei asko eragin die pandemiak". 

Sastre agurtu aurretik, sarrerako korridorera atera gara, eta bospasei ikasle hara eta hona zebiltzan, irakasle batekin, ikastetxea ezagutzen. Zuzendariak azaldu duenez, kurtsoko lehen egunean harrera berezia egiten diete ikasle berriei, hasiera ez dadin horren arrotza izan.

Landaberri-Garaikoetxea

Indarberritua, gogoz iritsi dira Landaberri LHko ikasleak lehen eskola egunera. Autobusak ateak zabaldu bezain laster korrika hartu dute zain zituzten irakasleenganako bidea; antzematen da udako oporralditik bueltan direla. Ikasturte berria hasi dute, baina, tamalez, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko iazko neurri berak mantendu beharko dituzte, aurten ere, ikasle guztiek. Neurri horien artean daude, besteak beste, maskarak jantzita edukitzea, burbuiletan antolatzea, eta abar. 

Zuzendaritza talde berriarekin ekin dio Landaberri-Garaikoetxeak ikasturte berriari. Konsuelo Aizpurua da zuzendari berria, eta harekin hitz egin du TXINTXARRI-k, lehen eskola eguna hasi bezperam. Ikasturtea nola prestatu eta aurreikusten duten galdetuta, kontatu du iazko prestaketa lanen antzekoak eginaz bideratu dutela aurtengoa ere, baina "nahiko lanpetuta" ibili direla aitortu du: "Zuzendaritza talde berria gara, eta kokatzen ibili gara". 
Guztira 780 ikasle inguru arituko dira aurten Landaberri HHn eta LHn, 39 gela, eta lantalde osoaren nahia da "ahalik eta normaltasun handienarekin eta giro lasai eta atseginarekin" igarotzea ikasturtea. 

Lehen eskola eguna izanagatik ere, giro atseginean hartu dituzte irakasleek ikasleak eta baita ikasleek irakasleak ere. Jakin badakite ekainera arteko bidea hasi besterik ez dela egin, baina ziur, denek elkarrekin ikasturte atsegina igaroko dutela.

Oriarte BHI

Hasierak gogorrak bezain zirraragarriak dira maiz, eta ikasturte berriak etor daitekeenaren aurrean sentipen anabasa piztu ohi du ikasleengan. Ostegunean, hilak 9, hasi dituzte eskolak, baina bezperan izan dute Oriarte BHIko 830 bat ikasleek lehen harremana ikaskideekin, irakasleekin eta ikasgelekin. Itzulera leuntzeko lagungarri izateaz gain, aukera izan dute aurten ere bidaide izango duten koronabirusari aurre hartzeko neurriak gogoratzeko eta eguneratzeko. 

Arlo honetan, behitzat, ez dute ezer berririk ikasi beharko, aurreko ikasturtean gainditutako irakasgaia baita. "Iaz nahiko ondo joan zitzaigun, gelan ez genuen arazorik izan, arazoak kanpotik etorri ziren", nabarmendu du Koldo Zaballak. 

Laugarren urtea du Zaballak Oriarten. Ikasturte hasiera berez zoramena bada, hastapenetan dena, are gehiago. Aste gutxi igaro dira zuzendari izendatu zutenetik eta jo eta su lanean darama ordutik. Oraindik "kokatzen" ari dela onartu du. Zuzendaritza talde berria buru-belarri dabil kudeaketan murgilduta eta ez du aldaketa handietarako astirik izan, hortaz, argi du Zaballak: "Oraingoz dakiguna egiten jarraituko dugu". 

Edonola, egoerak ahalbidetzen duen heinean, zenbait ekimen berreskuratzen joateko asmoa dute. Esaterako, pantailak atzen utzi eta saiatzen ari dira bilera batzuk aurrez aurre egiten, "jendeak pila bat eskertzen du"; halaber, irteera “xume” batzuk egitea ere aurreikusten dute, arinegi ibili gabe, "eskua zabaldu, baina tentuz".