Raul Ramos herritarra, garaile Donostiako Sari Nagusian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 8a, 15:30

Raul Ramos hockeya eta Liberri zaldia helmuga igaro ostean. Arg.: Txema Valles

Irailaren 5ean, Donostiako Hipodromoak udako denboraldiari agur esan zion harmailak beteta. Raul Ramos lasarteoriatarrarentzat jardunaldi berezia izan zen. J.M. Osoriok prestatutako Liberri zaldia gidatuz, Donostiako Sari Nagusia - Irizar sariko 105. edizioa irabazi zuen

Liberri garaipena lortzeko faboritoen artean ez bazegoen ere, Ramosek ongi gidatu zuen azken jardunaldiko sari nagusian.Lasarte-Oriako jockeyak taldean mantendu zuen zaldia. 

Azken zuzenekoan, Finely Tuned eta Navia faboritoek erritmo aldaketa egin zuten aurre hartzeko; Luberri, ordea, ez zuten atzean utzi eta esprintean gailendu zen Ramos herritarrak gidatutako zaldia. Harmailek eztanda egin zuten herritarraren garaipena ospatzeko.

Era honetara, Ramosek udako denboraldiari amaiera ederra eman dio. Guztira, hamabost garaipen erdietsi ditu.

Donostia Kirola – Kirol Txartela sarian ere izan zuen presentzia herritar batek, Angel Imazek.Lasarte-Oriako prestatzaileak entrenatutako Rosy Moon behorra nagusi izan zen arratsaldeko hirugarren proban.  Aurreikuspenetan faboritoetako bat zen eta pistaren egoerak, lehorra, bere alde egin zuen.

Polemika

Herritarrak protagonista izan ziren lasterketa horietaz gain, beste hiru probaz gozatu ahal izan zuten zaletuek.

Duela 15 urte Hipodromoan lasterka ari zela zendu zen Nagore Otaño jockeya gogora ekarriz eman zitzaion hasiera jardunaldiari. Jarana behorrak  erraz irabazi zuen, Oiartzungo jockeyaren oroimenezko saria. 

Eta polemikak ere izan zuen lekua udako azken jardunaldian, bigarren eta laugarren probatan, hain zuzen ere.

La Zarzuelako hipodromoa sarian, Glorytof debutari eta Walkczak behorraren arteko liskarra egon zen. Bugatiko bihurgunean Walkczakek kanporaka mugimendu nabarmena egin zuen Glorytof kaltetuz. 

I. Melgarejo jockeyak kexa ezarri zuen, hori gertatu ezean, garaile izango zela argudiatuz. Epaileek, ordea, ez zuten lasterketako emaitza aldatzeko arrazoi sendorik ikusi eta Walkczak izan zen garaile.

Laugarren proba Hipodromoen Elkartea saria izan zen eta Rockolak irabazi zuen. Bigarren eta hirugarren postua, ordea, epaileen esku geratu zen, azken zuzenean Hanna eta Tales parte-hartzaileen artean istilua izan baitzen. 

Freddy Martinez gidatzen zuen Tales bitan Hannaren gainera bota zen eta garaipenaren borrokan sartzeko aukerak zapuztu zituen. Epaileek kexa onartu eta Vicky Alonsok gidatutako Hannari bigarren postua ematea erabaki zuten.