Espero baino mugimendu gutxiago, Stock Azokan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 8a, 14:12

Biltegiko produktuen eskaintza zabala egin dute Aterpea merkatarien elkarteak antolatu duen Stock Azokan. Guztira hamabost komertziok parte hartu dute, eta, eurekin hitz egin du TXINTXARRI-k, egitasmoaren balorazioa eskatzeko

Irailaren 2tik 4ra biltegiko produktuaen eskaintza berezi bezain zabala egin dute Aterpea merkatarien elkarteko hainbat komertziok, udazkeneko denboraldiari hasiera eman aurretik.

Aterpea merkatarien elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak elkarlanean antolatu dute egitasmoa, eta herriko hamabost establezimenduk parte hartu dute: Ana gizonezkoen ileapaindegiak, Mabel Modak, Arregi elektrizitateak, Fernandez Ehunakek, Deco 75 Textil Hogarrek, Artesania Ines Floresek, Merceria Olmik, Bazar Abreuk, Urruzola mertzeriak, Alba modak, Imagine jantzi dendak, Calzados Lederrek, Iturbe zapata dendak, Merceria Mauxak eta Dulce Tentacionek. TXINTXARRI-k horietako batzuekin hitz egin du azokaren nondik norakoak jakiteko.

Mabel modako jabe Mabel Pedreirak "balantze positiboa" egin du. Kontatu du azoka baliagarri izan zaiola biltegian zituen "produktu atzeratuak" saltzeko, baina COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioak antzeman direla ere azpimarratu du: "Aurreko urteetan egindako azokarekin alderatuta, bezero gutxiago ibili da aurten; herriaren inplikazioa faltan bota dut".

Ana gizonezkoen ileapaindegiko Ana Ezeiza jabeak ilerako produktuen eskaintza egin du Stock Azokan, eta kontatu du "gutxi" saldu duela: "Bezero asko harritu egiten dira ilea moztera etorri eta ilerako produktuak saltzen ditudala ikusten dutenean; horretarako baliatu nahi izan dut azokaren aukera, ilerako produktuak ileapaindegian salgai ditudala ezagutarazteko".

Denak ala denak, antzeko
Arregi elektrizitateak eta Fernandez Ehunak komertzioek ere parte hartu dute aurtengo Stock Azokan. Eta aurreko balorazioen ildo beretik egin dituzte eurenak hauek ere.

Arregi elektrizitatea dendako Ainhoa Arregi jabeak jakinarazi du Stock Azokaren aitzakiarekin bezeroak gerturatu direla dendara, baina azokako eskaintzak baino, bestelako produktuak saldu dituela gehienbat.

Fernandez ehunak dendako Iñaki eta Jose Luis Gatza anaiek lehen aldiz egin dute bat egitasmoarekin, eta aitortu dute bezero gutxi ibili den arren, eskaintzan izan dituzten udako zenbait produktu saldu dituztela: "Garaia ere ez da erraza; iraila, oporren bueltatik gatoz, baina tira, zertxobait saltzeko aukera izan dugu".

Aterpeako lehendakari Miguel Angel Prietok esker hitzak zuzendu dizkie herritarrei, herriko komertzioarekiko duten  konpromisoagatik, eta urtea amaitu aurretik martxan jarriko dituzten kanpainei adi egoteko deia ere luzatu di