"Bidelagun onenarekin" euskara ikasteko deia luzatu du AEK-k

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 9a, 08:40

Lasarte-Oriako Muntteri-AEK euskaltegiko irakasle eta ikasleak, kurtso berriari ekiteko prest.

Matrikulazio kanpaina betean murgilduta dago Lasarte-Oriako Muntteri-AEK euskaltegia. Ikasi euskara, bidelagun onenarekin lelopean, kanpainaren ardatzean irakaslea jarri dute, ikasleek euskara ikasteko "bidelagun onena" baita. Irailean zehar izena eman ahalko dute lasarteoriatarrek, A1 mailatik hasi eta C2raino. Informazioa eskatu nahi dutenei Geltoki kaleko bulegora joatea gomendatu diete euskaltegiko arduradunek.

Astearte goizean Okendo plazan eta inguruetan ibili zenak bizikleta laranja bat ikusiko zuen ziur asko. Txirrinda bainoago, bizidekarra, AEKren matrikulazio kanpaina berriaren ikurra. Bi plaza ditu ibilgailu horrek: bat, ikaslearentzat; eta bestea, irakaslearentzat. Aurtengo kanpainaren ardatza azken hori da, irakaslea, "euskara ikasteko bidelagun onena". AEK-k azpimarratu du irakasleak direla, ikasleekin batera, euskaltegietako "altxorrik garrantzitsuenak, eta, bereziki, ikaslearen pertsonarik hurbilenak, bidelagunak". "Bide guztiak omen doaz euskarara...eta bideetako batzuk atseginagoak eta eraginkorragoak dira. Hori dela eta, herritarrak animatzen ditugu euskara ikastera AEKren bidean".

Lasarte-Oriako Muntteri-AEKren eskaintza

Bizidekarrarekin ateratako argazkietako batean, herriko Muntteri-AEK euskaltegiko irakasle taldea azaltzen da; irudi sinboliko horren bidez, lasarteoriatarrak animatu nahi dituzte euskara ikastera aurten, haientzat egokiena den moduan: aurrez aurre, online edo autoikaskuntzaren bidez, tutore batekin. A1 mailatik hasi eta C2ra arteko ikastaroak egin ditzakete.

Matrikulazio kanpaina irail osoan zehar dago zabalik, baina Muntteri-AEK euskaltegiak "lehenbailehen" izena ematea gomendatu die interesa duten pertsonei. "Hartara, errazagoa da taldeak osatzea eta ikasturte hasiera antolatzea", zehaztu du Garazi Zinkunegi zuzendariak. Informazio-eskaerak presentzialki egitera animatu ditu lasarteoriatarrak, aurrez aurreko harremana "aberasgarriagoa" delako. Geltoki kaleko 17. zenbakian du egoitza euskaltegiak, eta hauxe da ordutegia: 11:00etatik 13:00era eta 18:00etatik 20:00etara. Harremanetan jartzeko bide gehiago: 607 62 52 33 telefono zenbakia eta lasarte@aek.eus helbide elektronikoa.

Maila bakoitza lantzeko ikastaroak ez ezik, mintza taldeak sortzeko asmoa ere badu Muntteri-AEK-k: astean bi egunez elkartuko lirateke, euskaraz hitz egiteko trebetasuna jorratzeko, batez ere. B2 maila edo altuagoa duten ikasleei zuzendutako egitasmoa dela zehaztu du Zinkunegik.