Baso bainua eta Oria ibaiertza garbitzea, aurtengo Aste Berdeko ekintzak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 8a, 13:28
Aste Berdeko ekintzetako bat Oria ibaiertza garbitzea izango da.

Aste Berdea antolatu du Lasarte-Oriako Udalak, Artelatz enpresarekin batera. Lehen jarduera irailaren 10ean izango da, ostiralarekin: baso bainua Zumaburuko parkean barrena. Udaletxe berritik joango dira bertara, 18:00etan. Parte hartu nahi dutenek 943 67 02 49 telefonora deitu behar dute. Bigarren ekintza irailaren 25ean egingo dute, larunbatez; Oria ibaiertza garbituko dute, 09:30etik aurrera.

Baso bainua Japonian sortutako Shinrin-Yoku jardueratik dator; naturarekin bat egiteko teknika da, eta helburu nagusietako bat da parte hartzen dutenen estres maila murriztea. 

Bigarren jarduera irailaren 25ean izango da, larunbatarekin. Oria ibaiertzean egon daitezkeen hondakinak jasotzeko asmoz, garbiketa herrikoia egingo dute antolatzaileek, 09:30etik aurrera. Zumaburu parkean geratuko dira.

Ekintzetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, 943 67 02 49 telefonora deituta. Aste Berdea antolatzeko 7.955 euro esleitu zaizkio Artelatzi. Bi jarduerez gain, Froilan Elespe parke botanikoko informazio panelak berrituko dituzte.