Aitor Manso, Jata igoerako podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 8a, 12:00
Aitor Manso 7.mailako garaile izan zen Jatako igoeran. Arg.: Bizkaiko Automobilismo Federazioa.

Hilabeteko etenaldiaren ostean, Euskadiko Mendi txapelketari jarraipena eman zaio. Bakion izan dute hitzordua irailaren 4an, IV. Jatako igoera eta Aitor Manso herritarrak emaitza paregabeak lortu ditu; 7. mailako garaile izan da, eserleku bakarreko ibilgailuetan bigarren eta sailkapen nagusiko hirugarren

Jatako igoerak 33 parte-hartzaile izan zituen. Ibilgailuek lau igoera burutu zituzten, bi entrenamendu saio eta bi lasterketa. Guztien artean azkarrena Joseba Iraola izan zen, 1:29.852. 

Bigarren postua eskuratzeko, berriz, lehia handia egon zen Aitor Manso herritarra eta 6. mailako Bruno Schererren artean. Biek atzetik aurrerako proba egin zuten. 

Mansok BRC B49 ibilgailura eta maila berrira ongi moldatzen ari dela erakutsi zuen. Tamalez, azken txandan lehen lasterketan egindako denbora gainditu eta Lagun Artea taldeko Porsche GT3ak eraman zuen bigarren postua.

Hala ere, arestian aipatu bezala, Manso ez zen esku hutsik itzuli; 7. mailako garaikurra erdietsi zuen eta eserleku bakarreko ibilgailuetan bigarrena. Horri esker, maila horretako Euskadiko txapelketako bigarren postuan finkatu da gidari gaztea eta Gipuzkoako txapelketa eskuratzeko puntu baliagarriak lortu ditu. 

Asteburu honetan atsedena izango du herriko gidariak; irailaren 18an, berriz, XIV. Aiako Igoera lehiatuko du.