Alex Saleta, 20 urtez azpiko Europako txapelketa prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 8a, 10:30
Alex Saleta, 2020-2021 denboraldiko azken partidan jolasean. Arg.: Aviron Bayonnais.

Alex Saleta Atorrasagasti herritarra 20 urtez azpiko Espainiako errugbi XV selekzioarekin lanean ari da Valladoliden. Larunbatean, irailaren 11rekin, amaituko du egonaldia

Aviron Bayonnaiseko etorkizuneko taldean dago egun herritarra eta bertan egindako lana dela eta, Espainiako Selekzioak Europako txapelketa prestatzeko saioetarako deitu du. Azaroan Coimbra, Portugalen jokatuko da txapelketa. 

COVID 19aren pandemiaren eraginez 2020 urteko lehiaketa bertan behera geratu ostean, txapelketaz beteriko denboraldia izango du herritarrak. 
Aukeratua izanez gero, bi Europako txapelketa jokatuko ditu Saletak denboraldi batean; 2021 urteko edizioa azaroan eta 2022 urte hasieran, urteari dagokion lehiaketa.

Liga hasiera
Irailaren 18an, berriz, denboraldiko lehen partida jokatuko du Aviron Bayonnais elkarteko etorkizuneko talderekin. Neurketa Stade Rochelais taldearen aurka izango da, La Rochelle, Frantzian. 

Ligako bigarren multzoan lehiatuko dira Saleta eta talde kideak eta Stade Rochelais taldeaz gain, Stade Français Paris, Montpellier RC, Lyon OL U, CA Briviste Corrèze, Stade Rochelais, AS Montferrandaise, SU Agen, RC Vannetais eta USA Perpignan izango ditu aurkari.

Herritarrek munduko ligarik onenetarikoan ontzeko apustua egin zuen iaz eta Baionako taldean jokatuko duen bigarren denboraldia da.

Topaketak

Ohorezko B mailako edo maila federatuetako kide diren lasarteoriatarrak ere lanean dira eta liga hasierarako guztia prest izateko lagunartekoak ari dira jokatzen.

Hernani CREko senior emakumezkoen taldea eta taldeko kide Paola Vega irailaren 4an, Zizurkilgo III. Melokotoi Topaketan lehiatu ziren. La Unica iruindarrak eta Donostiako Bera Bera izan zituzten aurrez aurre. Biarritz Olimpiquek ezin izan zuen parte hartu, Frantziako federazioaren baimenik ez zuelako lortu.