COVID-19

Hiru kutsatu berri erregistratu dituzte ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 3a, 17:36

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ostegunean bildutako datuekin osatutako txostena argitaratu dute. Lasarte-Orian hiru kutsatzeren berri izan dute, bezperan baino bi gehiago. Azken hamalau egunetan 67 kasu erregistratu dituzte herrian eta intzidentzia metatua 341,30 da.

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 2.102 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik 11. Gehien-gehienak sendatu badira ere, zoritxarrez, 24k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalerrietan hogei kasu baieztatu dituzte azken 24 orduetan: seina, Hernanin eta Andoainen; hiruna, Urnietan eta Lasarte-Orian; eta bi, Astigarragan. Usurbilen ez dute kutsatze berririk atzeman hilaren 2an, hala ere, eremu gorrian jarraitzen du.

Euskal Autonomia Erkidegoan ostegunean egindako 5.668 proba diagnostikoen %6,1 positiboak izan dira, hau da, 346 kutsatze erregistratu dituzte; horietako 112, Gipuzkoan.

Koronabirusak eragindako 40 lagun ospitaleratu zituzten atzo. Guztira, 270 gaixo daude Osakidetzako ospitaleetan; 71 ZIU unitateetan.