REalak, zein Alavesek igandean eta etxean emango diote hasiera izen berria duen Ligari. Eguerdian Alavesek maila gorenean egingo du debuta eta Betisen aurka neurtuko ditu indarrak, Ibaia zelaian.
Realak, berriz, Valentzia izango du lehen arerio Zubietan, 16:00etatik aurrera.
Fitxaketa ugari
Fitxaketei dagokionez, bi taldeek denboraldi-aurre mugitua izan dute. Nazioarteko, zein estatuko jokalariak gehitu dituzte euren jokalari taldeari.
Alaveseko entrenatzaile Mikel Crespok taldea indartu nahi izan du lehen mailan lehiatu ahal izateko.
Taldea osatu eta prestatzeko, berriz, maila ezberdinetako taldeekin zortzi lagunarteko jokatu ditu Gasteizko taldeak, EH kopako bi partidak barne. Laurus, Parquesol, Pradejon, Racing, DUX Logroño, Real Sociedad, Osasuna eta Athletic izan dira aurkariak. Sei partida irabazi, bat berdindu eta bat galdu ostean, itxura ona eman du taldeak.
Ilusioz aurre egiten diote abentura berriari eta Ligan ere maila bera mantentzea espero du Alaves Gloriosas taldeak.
Realak, berriz, hamar jokalariren agurrari aurre egin eta errefortzuak bilatu behar izan ditu.
Talde txuri-urdinak, ordea, ez du hainbeste hitzordurik izan denboraldia prestatzeko. Leongo Leche de Gata txapelketan, San Agustin trofeoan eta EH Kopan parte hartu du Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak.
Lehen bi txapelketetan garaipena lortu zuen jokatutako hiru partidetan. Real Madrid, Madrid CFF eta Deportivo Abanca izan zituen aurrez aurre.
EH Kopan, berriz, partida bat galdu eta beste bat irabazi zituen Donostiako taldeak.
Horrez gain, talde txuri-urdinak aste honetan jakinarazi du aurtengo kapitainak nortzuk izango diren eta horien artean da Iraia Iparragirre Argandoña herritarra.
Ikusleak
Berrikuntza nagusietako bat, zaleen presentzia izango da.
Neurriak egungo egoerara moldatu ahala, denboraldi-aurreko partida batzuetan ikusleen berotasun eta animoak jaso ahal izan dituzte futbol jokalariek; Ligan ere horrela izango da.
Hala ere, edukiera mugatua denez, partidak ikusteko sarrera eskuratu beharko da aurrez. Real Sociedad taldeko zein Alaves taldeko webgunean eskuragarri egongo dira etxean jokatzen diren jardunaldien sarrerak.
Añorga KKE
I. Nazional mailan ere asteburu honetan hasiko da baloia zelaian biraka.
Bigarren multzoan, Añorga KKEk Oiartzun izango du arerio lehen jardunaldian. Larunbatean, irailaren 4an, arratsaldeko 17:00etatik aurrera Rezolako zelaian dute hitzordua Gipuzkoako bi taldeek.
Taldearentzat ezagunak diren hainbat arerio izango dituzte 2021-2022 denboraldian, baita berriak ere. Ezagunen artean Real Sociedad B, Bizkerre, Tolosa, Aurrera de Vitoria edo San Ignacio daude; berriei dagokionez, Nueva Montaña, Athetic Club C, zein Racing B edo Osasuna B.
Hurrengo astean
Federatu mailako lehia, berriz, irailaren 11 eta 12ko asteburuan hasiko da. Denboraldi-aurrea amaitzen ari dira, beraz, Lasarte-Oriako Ostadar SKT eta Texas Lasartearra elkarteko taldeak.
Hauek era mailakatuan hasiko dute denboraldia. Zelaian lehiatzen lehenak Ostadar SKTko taldeak izango dira, zehazki, Erregional Gorengo mailako, Jubenilen Ohorezko mailako eta Kadete Ohorezko mailako taldeak.