Zudaire, tximeleta proban brontzezko domina lortzetik gertu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 3a, 13:10
Nahia Zudaire Borrezo Tokioko Aquatic Centre-ko igerilekuan. Arg.: Buruntzaldea IKT

Brontzezko dominak eskuetatik ihes egin dio Nahia Zudaire igerilari gazteari. Azkenekoz egin du jauzi, gaur Tokioko Aquatic Centre-ko igerilekura Buruntzaldea IKTko igerilariak; S8 mailako 100 m. tximeleta probako finalean lehiatu da. Proba zirraragarria izan da. Lehen luzeko erdialdera Jessica Long estatubatuarrak eta Viktoriia Ishchiulova errusiarrak aurre hartu dute eta bien artean lehen postuak banatuko zirela argi geratu da. Atzetik hiruzpa lau igerilari zeuden burutik gertu. Pasean Zudaire Borrezo hirugarren postuan igaro da eta brontzezko domina ukitu du hatz puntekin Zubietako gazteak. Alabaina, Laura Carolina Gonzalez Rodriguez kolonbiarra gertu zegoen. Azken metroetan igerilari gipuzkoarra harrapatu eta borroka bizia izan da bien artean azken metroetan. Azkenean, ehuneko gutxiengatik kolonbiarrak eraman du domina eta zubietarrak diploma.