Kontxako badian itsasoari aurre eginez

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 3a, 12:00
Donostia Arraun Lagunak Zarauzko uretan lehian. Arg.: Euskotren Liga / A. Arrizabalaga

Lasarteoriatarrak kide dituzten Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako Igogailuak Emakumeen XIV. Kontxako banderako lehian izango dira. Gizonezko mailan, ordea, ez dugu ordezkaririk izango, San Pedro kanpo geratu baita. Bi estropadetan itsaso zakarra izan zen protagonista

Emakumeen Banderaren XIV. edizioko sailkapen estropada, irailaren 1ean, egin zen. Hogei ontzi izan ziren lehian, zazpik bakarrik lortuko zuten txartela banderagatik lehiatzeko, Donostiarra zuzenean sailkatua baitago.

Euria eta haizea iragarria bazegoen ere, bigarrenak sortzen zituen olatuei bakarrik egon behar izan zieten aurre eskifaiek.

Erlojupeko modura jokatu zen jardunaldian, pixkanaka atera ziren ontziak. Hondarribia Bertako Igogailuak ureratzen hirugarrena izan zen eta Donostia Arraun Lagunak seigarrena.

Nahiz eta arerio zuzenen erreferentziarik ez izan, bi taldeek euren onena eman eta krono baliagarriak egin zituzten sailkapen nagusirako; Donostia Arraun Lagunak taldeak sailkapen proba irabazi zuen eta talde berdeak hirugarren denbora onena egin zuen. 

Are gehiago, Lugañenek indartsu dagoela erakutsi zuen; Orio Orialkik ia bederatzi segundo gehiago behar izan zituen helmugara iristeko.
Herriko arraunlariak dituzten bi taldeez gain, Orio, Tolosaldea, Deusto, Hibaika eta ezustekoa eman zuen Chapela galiziarra izango dira Kontxako lehen jardunaldian.

Sailkapen estropadaren ostean, igandeko txanden zozketa egin zuten. Hondarribia Bertako Igogailuak eta Donostia Arraun Lagunak bigarren txandan lehiatuko dira Hibaika eta Chapela arerio dituztela. Lehen txandan, berriz, Orio, Donostiarra Lacturale, Tolosaldea eta Deusto izango dira.

Gizonezko lehian, aldiz, Ormazabal kide duen San Pedro B multzoan partehartu zuen ostegun arratsaldean, irailaren 2an. 24 parte-hartzaile espero baziren ere, 23 eskifaia izan ziren azkenean lehian. Castroko arraunlari batek positibo eman zuen koronabirusean eta Kantabriako taldea ez zen sailkapen txandara aurkeztu.

San Pedro sailkapeneko azken aurreko ureratu zen. Gainerako traineruen denbora buruan zuen Libiak. Ziabogara Tiran eta Pedreña ontziek egindako kronoan iritsi zen, 10:27; bigarren luzean, ordea, ezin izan zuen erritmoa mantendu eta hamaseigarren denbora egin zuen helmugan. Zazpi hoberenak sailkatzen zirenez, Libia ez da Kontxako banderako lehian izango.

Ikusle kopuru mugatua

Igandean, irailaren 5ean 10:00etan hasiko da Kontxako banderako lehen jardunaldia. 

Kontxako hondartza eta portu aldean edukiera mugatua izaki, sarrerak eskuratu dituzten zaletuek bakarrik izango dute aukera zuzenean ikusteko.

Sarrerarik lortu ez dutenei Donostira ez joateko eta proba etxetik jarraitzeko deia egin diete antolatzaileek.