Lasarte-Oriako Udalak bi urteko hitzarmena sinatu du Jalgune elkartearekin

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 2a, 16:51

2020ko eta 2021eko elkartearen jarduna diruz laguntzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Jalgunek asteon. Duela 30 urte eman zituen lehen pausuak Jalgunek, eta orduz geroztik, aniztasun funtzionala duten pertsonekin jarraitzen du lanean

Asteazken eguerdian sinatu dute Agustin Valdivia alkateak eta Pili Bermejo Jalgune elkarteko lehendakariak 2020ko eta 2021eko ekintzak lagunduko dituen hitzarmena. Prentsaurreko horretan jakinarazi dute 74.000 eurorekin lagunduko duela udalak elkartearen jarduna.

Eskertza hitzak zuzendu dizkio alkateak elkarteari. Aitortu du Jalgunek "eginkizun bikaina" betetzen duela bertako egoiliarrak Lasarte-Orian integratzeko. Gogorarazi du irisgarritasuna ez dela herriko kale zein plazetan mugitu ahal izateko baliabideak jartzera soilik mugatzen, baizik eta pertsona orok herriko aisian eta jardueren parte izateko aukera izatea.

Gogora ekarri du elkartearen aurtengo 30. urteurrena; pozik agertu da horrekin, izan ere, bertan daudenen konpromisoaren, erabiltzaileen gogobetetzearen eta ondo egindako lanaren erakusle dela uste baitu.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok hartu du hitza gero, eta alkatearen antzera, eskerrak eman dizkio elkarteari. Eskerrak eman dizkio 30 urtetan aniztasun funtzionalaren gaian  "lan garrantzitsua" egin duten boluntario guztiei: "Jalgunek  azpimarratu du udalerrian antolatzen diren jardueretan beti parte hartzen duten talde bat udalerrian integratzea lortu du".

Pili Bermejo elkarteko lehendakariak ere hitz egin du, eta, esan du, 30. urteurrena Jalgune osatzen duten familiena, proiketua babestu duen udalaren, begiraleena, boluntarioena, eta unean-unean parte hartu duten pertsonena dela, eta, gaur gaurkoz, COVID-19aren osasun krisia dela eta egin ezin dituzten ekintzak egin ahal izateko nahia agertu du.

74.000 euroko laguntza 
Udal ordezkariek jakinarazi dute 74.000 eurorekin lagunduko dutela elkartearen jardura; 37.000 euro 2020. urtekoa babesteko, eta beste horrenbeste 2021ekoa laguntzeko.

Dirulaguntza horren bitartez finantzatuko dira, besteak beste, jarduera ludikoak, kirolekoak, ingurumenekoak, asteburuko jarduerak, herriko ekintzetako parte hartzea, familiei orientazioa ematea, eta abar.