Txirrindulariek, abuztuan atsedenik ez

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 2a, 15:45
Beñat Carbayeda, Iruñeako Itzuliko podiumean. Arg.: Martin Early.

Errepide denboraldi betean, Buruntzazpi txirrindularitza eskolako, zein herriko txirrindulariek hitzordu garrantzistuak izan dituzte; hainbatetan lehen postuetan sailkatu dira

Uztailaren 28tik 30era, Buruntzazpi txirrindularitza eskolako juniorrak eta Viveros San Anton taldean dagoen Ander Altuna herritarrak Iruñeako itzulian lehiatu ziren. Zirrara handiko lehiaketa izan zen eta azkenean, Buruntzazpiko Beñat Carbayedak lortu zuen sari nagusia eta erregulartasun maillota.

La Morea eta Mutiloa artean jokatu zen Itzuliko lehen lasterketa. Erasoek eta erokiko batek baldintzatutako proban, Carbayedak esprintean hirugarren amaitu zuen.

Bigarren egunean, Ochagavian hasi eta amaitu zen proba eta lehen hiruren artean izan ziren Carbayeda, zein bere taldekide Haimar Etxeberria. 
Lasterketan zehar, hainbat eraso izan ziren eta tropelak ederki erantzun zuen. Taldetxoak sortu ziren eta lehenean sartu ziren Buruntzazpiko kideak. Bost kilometro faltan ordea,  Finques Feliu CT  taldeko Ignasi Lambea katalanak ihes egin zuen eta bakarrik igaro zuen helmuga. 
Hamazazpi segundotara iritsi zen taldetxoa eta esprintean borrokatu zituzten gainerako postuak. Etxeberria bigarren izan zen eta Carbayeda, berriz hirugarren.
Azken etapa zirrara handikoa izan zen. Lasterketa buru Marc  Rubirolaren eta Carbayedaren  artean lau segundo besterik ez zeuden. Alabaina, ezustekoa eman zuen Donostia Berri taldeko Iñaki Errazquinek. Hark ere lau segundoko tartea zuen Rubirolarekiko eta sailkapeneko laugarren zen.

Helmugarako hogei kilometro faltan, Carbayedak eta Errazquinek ihes egin zuten tropeletik. Rubiola ez zen arazo izango, atzean geratu baitzen. 

Azken metroetan esprintean erabaki zen guztia. Etapa Errazquinek lortu zuen eta itzulia Carbayedarentzat izan zen.

Buruntzazpiko kidea pozik zegoen lortutako garaipenarekin.  Aste Santuan eroriko bat izan zuen lasterketako esprint batean txirrindulari gazteak. Zauri larriak izan zituen eta hilabetez ezin izan zuen txirringan ibili. 

Bestetik, Carbayedak eta Altunak Beasaingo Klasika Premundiala lasterketan parte hartu zuten, abuztuaren 29an. Carbayedak hamahirugarren postuan igaro zuen helmuga; Altunak, berriz, 36. postuan.

Europan zehar

Nazioartean ere izan dira lehian Buruntzazpiko kide Carbayeda eta Etxeberria. Hungarian, Txekiar Errepublikan eta Frantzian junior mailako nazioarteko txapelketetan parte hartzen eta lan ederra egin dute.

Etxeberriak Espainiako selekzioaren deia jaso zuen One Belt One Road Juniors eta Course de la Paix Juniors probetan parte hartzeko.

Hungarian izan zen lehenik Buruntzazpiko kidea, abuztuaren 20tik 22ra, One Belt One Road Juniors itzulian eta sailkapen orokorrean, 22. postuan amaitu zuen. Aipatzekoa da bigarren etapan, Ibraný-Ibraný, txirrindulari gazteak egindako lana. Bederatzigarren postuan helmugaratu zen.

Ez zen nazioarteko bidai horretan lehen hamarren artean amaituko zuen lehen etapa izango. Abuztuaren 26an Txekiar Errepublikan zen txirrindulari gaztea. Bertan Course de la Paix Juniors proban lehiatu eta bi etapatan ere aurrean izan zen Etxeberria.

Bosgarren etapan, Štetí-Štetí, buruko taldean egon zen Buruntzapiko txirrindularitza eta esprinta lehiatu zuen. Helmugan bosgarren izan zen.
Eta lasterketako azken jardunaldian, zortzigarren izan zen. Lauko talde batek ihes egin eta atzetik zetorren taldean zegoen Etxeberria. Bosgarren postuarengatik borrokatu zen esprintean eta zortzigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Buruntzazpiko kideak.Itzuliko sailkapen orokorrean, berriz, 32. postuan sailkatu zen.

Haimar Etxeberria (ezkerreko argazkian, eskuineko bigarrena) eta Beñat Carbayeda (eskuineko argazkian, eskuineko lehena) One Belt One Road Juniors eta Ribera de Duero itzuliko aurkezpenetan. Arg.: Espainiako txirrindularitza federazioa/Gipuzkoako txirrindularitza federazioa 

Carbayedak Ronde des Vallées Juniors eta Ribera del Dueroko itzulia lehiatu ditu Gipuzkoako selekzioarekin.

Bretainia, Frantzian, jokatu zen Ronde des Vallées Juniors proba, abuztuaren 14an eta 15ean. Bi lasterketa eta erlojupeko batez osatutako itzulia 44. postuan amaitu zuen Carbayedak.

Burgos, Valladolid, Soria eta Segovia zeharkatu zituen Ribera del Dueroko itzulian kendu zuen arantza herritarrak. 

Abuztuaren 19an, taldeko erlojupeko probak eman zion hasiera probari. Nahiz eta Gipuzkoako selekzioak hemeretzigarren amaitu, hurrengo hiru jardunaldietan Carbayedak lehen hamarren artean egotea lortu zuen; bosgarren, laugarren eta seigarren sailkatu zen, hurrenez hurren eta horrek sailkapen orokorreko zortzigarren postura eraman zuen.

Garaipena, Los Arcosen

Kadete mailan, berriz, aipatzekoa da Eneko Arangurenek Los Arcosen lortutako garaipena. 

Abuztuan zehar, Nafarroako Txirrindulari elkarteak antolatutako hainbat probatan lehiatu da Aranguren Adur Tapia taldekidearekin batera.Eta abuztuaren 16an, jokatu zen Los Arcos hiriko trofeoan saria lortu zuen Arangurenek. Bosteko batek ihesi egin eta esprintean gailendu zen Buruntzazpiko txirrindularia.

Eneko Aranguren kadeteak Los Arcos hiriko trofeoa irabazi zuen. Arg.: Martin Early.

Afizionatuei dagokionez, Euskaldun trofeoko Euskal Bailarako kriteriumean, zein Helduz txapelketako lasterketetan parte hartu du Eibar txirrindulari taldeko kide Asier Pozok.