ARGAZKI LEHIAKETA

Udako argazki lehiaketa martxan du TXINTXARRI-k

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 2a, 15:27

Bueltatu zara udako oporralditik? Gogorra egiten ari zaizu itzulera? Bada, txintxarri aldizkariarekin oporraldi garaian bizitako uneak gogora ekartzeko aukera duzu! 

 Non ibili zara, mendian? Edo hondartza, kanping edo hotelen batean? Ziur gaude, egon zaren lekuan egon zarela, bertan bizitako uneak izoztu dituen argazkiren bat edo beste aterako zenuela, ezta? Bada, begira, txintxarri-k udako argazki lehiaketa prestatu du. 

Bi baldintza bete beharko dituzu bertan parte hartzeko; argazkiak originala izan beharko du (norberak egindakoa), eta, gehienez hiru argazki bidali ahal izango ditu partehartzaile bakoitzak. Argazkiak bidaltzeko, ordea, hiru modu izango dira: 646 82 44 66 telefono zenbakira WhatsApp bat bidalita, txintxarri@ttakun.eus helbidera idatzita, edo www.labur.eus/txintxarri2021 atarian argazkia zuzenean igota. 

Irailaren 12a izango da parte hartzeko azken eguna. Horrela, behin data hori igarota, bildutako argazki guztiak aldizkariaren webgunean ikusgai jarriko dira, eta onena aukeratzeko bozka epea zabalduko da; irailaren 13tik 19ra izango da horretarako aukera, eta hilaren 20an jakinaraziko da garailea. Argazki irabazlearen jabeak, Aldika produktu sorta eder bat eskuratuko du. Animatu parte hartzera, eta zorte on denoi!