Teknologia berrietan sakontzeko aukera, irailean zehar KZGunean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 2a, 15:08
Sasoeta auzoko Gaztelekuaren barruan dago Lasarte-Oriako KZGunea.

Ikasturte berria hastearekin batera, zentro ugarik ikastaroak burutzeko eskaintzak luzatu dizkiete herritarrei. Esate baterako, KZGuneak. Irailean zehar teknologia berriekin lotura duten saio ugari egin ditzakete lasarteoriatarrek, aurrez aurre edo bideokonferentzia bidez. Orotara, hamar alor jorratuko ditu KZGuneak hilabetean zehar, eta 44 ikastaro eskainiko ditu. Horietatik gehienak gaztelaniaz izango dira, 36, eta euskaraz beste seiak. Ikastaro gehienak pare bat egunetan egiteko modukoak dira, lau ordukoak.

Administrazio digitala; aisia eta entretenimendua; enplegu bilaketa; irudia eta bideoa; komunikazioa; ofimatika; oinarrizko formakuntza; produktibitatea; sare sozialak; eta segurtasuna. Hamar alor horien gainekoak izango dira KZGuneak irailean zehar eskainiko dituen saioak. Izena eman nahi duten herritarrei honako gomendio hau egin diete antolatzaileek: ikastaro bakoitzean libre dauden plazak zenbat diren kontsultatzea. Horretarako, www.kzgunea.eus web atarian sartu beharko dute interesa dutenek, edo Sasoeta auzoko Gaztelekura joan, eta galdetu. Helbidea, hauxe: Jaizkibel plaza, 14. Kontsultaren bat egin nahi izanez gero, 943 02 36 60 telefono zenbakira deitu daiteke, edo tutor.lasarte@kzgunea.net helbide elektronikora idatzi.

Aurrez esan bezala, ikastaro ia guztiak lau ordukoak izango dira, eta bi egun iraungo dute: saio bakoitza bi ordukoa izango da, ordu tarte hauetakoren batean: 09:00etatik 11:00etara, 11:00etatik 13:00era, 16:00etatik 18:00etara edo 18:00etatik 20:00etara. 

Zuzeneko hitzaldiak 
Ikastaroez gain, KZGuneak zuzeneko zenbait hitzaldi eskainiko ditu hilabete honetan zehar, euskaraz zein gaztelaniaz, haren YouTubeko kanalaren bidez. Solasaldiek 30 minutu iraungo dituzte eta horiek ikusi eta entzun nahi dituztenek ez dute izenik eman beharko. Aski izango da lehen aipatutako kanal horretara konektatzea.

Irailaren 7an eta 9an Ezagutu testuen ortografia berrikusteko aplikaziorik onenak solasaldia eskainiko du KZGuneak, 12:00etatik 12:30era. Lehen saioa euskaraz izango da, eta erdaraz bigarrena. Astebete beranduago, hilaren 14an eta 16an, Zer dira kriptotxanponak eta zertarako erabiltzen dira? hitzaldia izango da, 19:00etatik 19:30era. Irailaren 21ean eta 23an eduki interaktiboa sortzeko doako tresna onenen gainean solastuko dira, 12:00etatik 12:30era. Hilabetea bukatzeko, munduko txoko ugari etxetik mugitu gabe ezagutzeko parada izango dute herritarrek, irailaren 28an eta 30ean eskainiko den solasaldian. 19:00etan hasiko da, eta 19:30ean bukatu.