Añorga KKE eta Alaves taldeek, aurkia eta ifrentzua EH Kopako finaletan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 2a, 13:15
Añoga KKEko kideak, B multzoko EH Kopa jaso ostean. Arg.: Conchi Sanchez Frail.

Alaves Gloriosas eta Añorga KKE taldeek EH Kopako finalak lehiatu zituzten abuztuaren 29an eta Añorgako kideek B multzoko kopa eraman zuten etxera. Real Sociedad taldeak, berriz, maila goreneko hirugarren postua eskuratu zuen

Añorga KKEk Bizkerreren aurka jokatu zuen finala. Kanporaketetan Angeluko Isatsak eta San Ignacio garaitu ostean, ezaguna duen Getxoko taldeari aurre egin behar izan zion.

Aretxabaletako Ibarra zelaian partida berdindua ikusi ahal izan zen. Bi taldeek aukerak sortu zituzten arren, 78. minutuan, Añorgako kide Chenoak areaz kanpoko jaurtiketa egin eta atezain getxotarra gainditu zuen. 

Ez zen gol gehiagorik izan eta kopa Añorgara joan zen. Ainara Del Olmo herritarra bigarren zatian sartu zen zelaira.

Maila goreneko EH Kopako finalean, berriz, Irati Urruzola Bermudez kide duen Alaves Gloriosasek Athletic izan zuen aurrez aurre. 

Finalerdi gogorrean Reala 3-4 garaitu ostean, talde bizkaitarra izan zuen arerio Zarauzko Asti zelaian jokatu zen neurketan.

Alavesek 0-1 aurreratzea lortu zuen lehen zatiko 8. minutuan, Lice Chamorroren burukadari esker. Bi taldeek saiakerak egin arren, atsedenaldira arte markagailua berdin mantendu zen.

Athleticek, ordea, buelta eman zion partidari bigarren zatian. Nekanek lehenik eta Azkonak amaitzeko 8. minutu faltan sartutako golek bilbotarren esku utzi zuten saria.

Uztailaren 28an, Oñatiko Azkoagain futbol zelaian, hirugarren postua izan zuten jokoan Real Sociedad eta Eibar taldeek. 

Reala aurreratu zen markagailuan Nerea Eizagirre kapitainaren golari esker. Atsedenalditik itzuli eta berehala sartu zuen bigarrena talde txuri-urdinak, Elene Vilesek ongi baliatu baitzuen atezainaren aldaratze bat.

Nahiz eta Reala nagusi izan, Eibarrek ahaleginak egin zituen eta esfortzuak fruitu izan zuen 65. minutuan. Korner batean Ruthek gola egin zuen. 
Berdinketa izan zen orduan armaginen helburua. Aukerak sortu zituzten arren, ez zuten zorterik izan eta azkenean 2-1eko emaitzarekin EH Kopako hirugarren postua Realak erdietsi zuen.