Asier Pozo, Espainiako pista txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 2a, 10:30

Asier Pozo, Espainiako txapelketako probetako bat hasi baino lehen. Arg.: Eibar Txirrindulari Taldea

Abuztuaren 3tik 8ra, Espainiako pista txapelketa lehiatu zen, Galapagar, Madrilen. Bertan bildu ziren modalitate honetako open, junior, zein kadete mailako Espainiako hoberenak eta Lasarte-Oriak izan zuen bere ordezkaritza, Eibar Txirrindulari taldean dagoen Asier Pozo herritarra

Euskadiko selekzioak hautatu zuen herritarra bakarkako jazarpen, kanporaketa, puntuazio eta scratch probetan parte hartzeko.

Jazarpen proba lehiatu zuen abuztuaren 3an eta bederatzigarren postuan sailkatu zen.

Abuztuaren 4an, bi probetan izan zen herritarra. Scratchean zail izan zuen lehen postuetan egoteko. Izan ere, bost arerioko talde batek ihes egin eta itzuli bat atera baitzien gainerako parte-hartzaileei. Hamalaugarren postuan sailkatu zen. Kanporaketa proban ere, postu bera lortu zuen.

Abuztuaren 5ean, azken proba egin zuen Pozok, puntuazioa. Erritmo gogorra ezarri zen hasieratik eta eraso ugari izan ziren lasterketan zehar. Pozok,ordea, ezin izan zuen erritmoa jarraitu eta proba utzi behar izan zuen.