Kontxako Banderaren bila

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 1a, 10:30
Donostia Arraun Lagunak eskifaiako kideak, Euskotren Ligako garaipena ospatzen. Arg.: Euskotren Liga/ A. Arrizabalaga

Iritsi da arraunlarien hitzordurik garrantzitsuena. Irailaren 5ean eta 12an Kontxako bandera jokatuko da eta aurrekari gisa, gaur eta bihar, 44 ontzi izan dira lehian Donostiako uretan sailkapena lortzeko. Bertan izango dira herritarrak kide dituzten Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia Bertako Igogailuak eta San Pedro. Euskotren Liga irabazi ostean, Lugañene gogor borrokatuko da bandera aurtengo garaipen-zerrrendara gehitzeko

Emakumeen Banderaren XIV. edizioko hogei taldeak gaur lehiatuko dira, 17:30etatik aurrera. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, euriari eta haizeari aurre egin beharko diote. Horien artean izango dira tostan herritarrak dituzten Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako Igogailuak.

Lehiatzeko hamarreko bi multzotan banatu dituzte ontziak eta Donostiako, zein Hondarribiko taldeak A multzoan daude. Arerioak Cabo, Perillo, Chapela, Zumaia, Deusto, Hibaika, Orio Orialki eta Tolosaldea dira.

Gizonezko lehia, berriz, bihar izango da. 24 ontzik parte hartuko dute eta horiek ere bi multzotan banatu dituzte. B multzoan dago kokatua Ormazabal kide duen San Pedro Arkote Uribe Kosta, Castro producha, Delteco-Zumaia, Deusto-Tecuni-Bilbao, Hibaika Susperregi edukiontziak, Kaiku, Lapurdi, Mutriku, Camargo, Pasai Donibane eta Pedreña traineruekin batera.

Euskotren Ligako garaile

Denboraldi paregabea egiten ari da Donostia Arraun Lagunak taldea. Gipuzkoako, zein Euskadiko txapelketako banderak lortu ostean, Euskotren Ligako bandera ere gehitu dute euren urteko garaipen-zerrendara. Orain pausoz pauso Kontxako bandera ere lortun ahi du Donostiako taldeak.

Liga ez da erraza izan. Lugañene eta Orio Orialki ontzien arteko lehia handia izan da hasieratik eta azken egunera arte zirrara handia izan da. 
Zarautzeko XIII. Ikurriñeko bi jardunaldiek eman zion amaiera abuztuaren 14an eta 15ean. 

Donostia Arraun Lagunak iritsi zen bertara sailkapeneko buru, uztailaren 31ean eta abuztiaren 1ean Bilbon eta Santurtzin banderak eskuratu ostean. 
Orio Orialkik, ordea, ez zuen amore emango eta argi geratu zen lehen jardunaldian.

Mirotzek bederatzi segundo atera zizkioten Lugañeneri helmugan eta bigarren jardunaldiari begira, puntu baliagarriak eskuratu zituen sailkapenean.

Era horretara, Donostia Arraun Lagunakek puntu bakarreko abantailarekin egin zion aurre azken jardunaldiari; Donostia Arraun Lagunak, 36 puntu eta Orio Orialki, 35 puntu.

Puntu berdinketa

Bigarren jardunaldiak ere talde horia izan zen nagusi. Aiora Belartieta herritarra tostan zuen Lugañene bigarren izan zen. 

Ondorioz, bi taldeen arteko berdinketa eman zen sailkapenean, 39 puntu Donostiarrek Ligan erdietsitako  sei banderek, ordea, garaipena eman zioten Lugañeneri eta lehenengoz Euskotren Ligako bandera jaso zuen taldeak.

Sailkatzeko lehia
Nahiz eta ederki lehiatu, Hondarribia Bertako Igogailuak aurten ere laugarren postuan amaitu du Liga.

Intza Fernandez herritarrak eta bere kideek hainbat estropadetan hirugarren postua lortu arren, 18 puntu eskuratu ditu. Bere lehiakide zuzen Donostiarra Lacturalek, berriz, 24 puntu.

Ondorioz, sailkapeneko azken izan da eta Euskotren Ligan mantentzeko lehiatu beharko da, irailaren 18an eta 19an, Bermeo eta Portugaleten. Azken hiru urteetan egin behar izan die talde berdeak aurre kanporaketa jardunaldiei eta hirurak gainditu ditu. Aurten ere horrela izatea espero dute.

Atsedenik ez
Nahiz eta liga ofizialki amaitu, herritarren taldeek ez dute atsedenik hartu abuztuko azken asteburuetan.

Uztailaren 22an, XIII. Txingudiko Bandera ONDOAN Sari Nagusia jokatu zen, Hondarribian. Euskotren Ligako ontzien arteko azken lehia izan zen eta Lugañeneko eskifaia indartsu dagoela erakutsi zuen, bandera Donostiara eramanaz.

Uztailaren 29an, berriz, Hondarribia Bertako Igogailuak Abuztua Donostia Banderan parte hartu zuen. Urumeako ibaian jokatutako erlojupekoan bigarren postuan sailkatu zen ontzia Donostiarra Lacturaleren atzetik. 

Laugarren, KAE 1ean

Euskotren Liga ez ezik, KAE mailakok ligak ere amaitu dira eta bertan Gaizka Ormazabal herritarra izan dugu lehian estropada batzuetan San Pedroko tostan.

Abuztuaren 22an jokatu zen azken jardunaldia Bilbon. Kaikuk lortu zuen Bilboko Hiria bandera eta San Pedrok zazpigarren postua erdietsi zuen.

Sailkapen nagusian, berriz, Getaria izan da garaile. Libiak, berriz, laugarren postuan amaitu du denboraldia.

Sailkapen honek ez dio Ormazabal kide duen talde moreari Eusko Label Ligarako igotzeko sailkapen jardunaldietan borrokatzeko aukerarik emango; hurrengo urtean KAE1 mailan jarraituko du, beraz, lehian.