LOTMEko kideak, Huescan eta Lezaman korrika

Txintxarri Aldizkaria 2021ko ira. 1a, 09:00
David Garcia Romero, proba amaitzean eta Ines Aguado Blanco, Tena ibarreko 4K proban zehar. Arg.: LOTME

Abuztua opor garaia izanda ere, herriko Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko kideek ez dute atsedenik eta proba ezberdinetan parte hartu dute abuztuko azken asteburuan. Batzuk Huescan izan dira Tenako bailarako VI. Trailean lehian; besteak Bizkaia aldean, Lezamako Mugetatik trailean. Guztiek amaitu zituzten euren probak postu ederrak eskuratuz. 

Huescako Tena ibarrean barrena ibili ziren Mertxe Casas Sanchez eta Ines Aguado Blanco kideak.

Ines Aguado Blancok 4K proban parte hartu zuen. 42 kilometroko eta 3.500 metroko desnibel positiboko ibilbidea 11:01:38.01 egin zuen. Ondorioz, emakumeen mailan 11. postuan amaitu zuen lasterketa eta beterano mailan, bosgarren izan zen.

10 kilometrotako 1K proban parte hartu zuen, berriz, Mertxe Casas Sanchezek. Lehen aldia zen horrelako lasterketa batean parte hartzen zuena eta ederki egin zion aurre probari. 1:42:19.11 denbora eginez, beterano mailako zazpigarren sailkatu zen. 

25 kilometrotako ibilbidea, Basobaltz basoa, Gangureneko igoera eta Ugarteko jaitsiera barne, guztira 1.100 metroko desnibel positiboa. Hori izan zen LOTMEko David Garcia Romerok abuztuaren 29an Lezamako Mugetatik trailean gainditu beharreko zailtasuna. Herritarrak 22. postuan amaitu zuen proba, bi ordu eta zazpi minututan.