Heldu zein haurrentzako kirol-ikastaro eskaintza

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abu. 31a, 15:17
Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia eta Txu Alonso zinegotzia kirol-jardueren aurkezpenean.

Berrikuntza nabarmenik gabe aurkeztu ditu Udal Kirol zerbitzuak 2021-2022 ikasturteko ikastaroak. Lasarte-Oriako alkatea Agustin Valdivia eta Txus Alonso kirol zinegotziak heldu, gazte, zein haurrek egin ahalko dituzten kirol-jardueren berri eman dute

2021-2022 ikasturtean, kirol zerbitzuko erabiltzaile, zein herritarrek urte osoko, zein hilabetekako kirol ikastaroak aukeratu ditzakete.

Udal arduradunek azaldu dutenez, urte osoko helduen eskaintzan ikastaro berri bat izango da. Ohiko zunba, indoor txirrindularitza, pilates, aquagym edo bodypump saioez gain, kiroldegiko erabiltzaileek Kardiofit ikastaroa egiteko aukera izango dute ikasturte honetan.

Haurrei dagokionez, iraupen luzeko jarduerak kirol ludoteka, igeriketa teknifikazioa eta txiki zunba dira.

Hilabetekako jarduerak, berriz, haur, zein helduentzako igeriketa ikastaroak dira, baita haurtxoekin egiten diren ur jarduerak ere. 

Kirol zinegotziak azaldu duenez, iaz gutxieneko kopurua bete ez zenez bertan behera geratu behar izan zen azken jarduera hau. "Pandemia dela eta, iaz ez zen talderik sortu; aurten guraso gehiago animatzea espero dugu".

Jarduera gehienetan bi saio edo  bakarra aukeratzeko aukera  dago. Kirol Ludotekan, esate baterako, hiru ere aukeratu daitezke, baina kirol zinegotziak azaldu duenez, "kasu horretan, bi saio lehorrean eta bat igerilekuan edo bi saio igerilekuan eta bat lehorrean egin behar dituzte".

"Oniritziaren zain"

Ikastaro gehienak ordainpekoak diren arren, bada doakorik ere. Helduen gimnasioko entrenamendu, zein aholkularitza zerbitzua; nagusien parkeko erabilera aholkularitza; igeriketa gidatua eta luzaketa saioak.

Horien barruan, sartzen dira Ondo ibili ibilaldi osasuntsuak. Kirol batzordeburu Txus Alonsok azaldutakoaren arabera, "Iaz ez genuen jarduera egin. Inguruko herri batzuk martxan jarri zuten eta jarduera modu egokian gauzatu dute. Guk eskaintza egin dugu, baina Osakidetzaren oniritziaren zain gaude. Onartuz gero, indarrean dauden neurriak jarraituz egingo litzateke jarduera".

Sustapena
Pandemiaren eraginez, bertan behera geratu zen beste ekintzetako bat haurrei zuzendutako kirol jardueren sustapena izan zen. 

"Neurri berriek haurren kirol jarduera onartzen dute. Beraz, ekimenarekin aurrera egitea espero dugu eta hilabetero larunbatetan zenbait saio egin ahal izatea," adierazi du Alonsok.

Saioak eta plazak

Iraupen luzeko saioak irailaren 20an hasi eta ekainaren 17an amaituko dira. Iraupen motzekoak, berriz, hiru hilabeteko iraupena izango dute haurren kasuan eta helduei dagokionez, hiru, bi edo hilabetekoak.

Plaza kopuruari dagokionez, ikastaroaren arabera gehienezko eta gutxieneko zenbatekoa zehaztu da. Ikasle gehien izan ditzaketen saioek hemezortzi kide izango dituzte eta gutxienekoa hamaikakoa izango da.

Izena ematea

Ikastaro luze, zein motzen izena ematea Maialen Chourraut kiroldegiko bulegoan egingo da. Bulego ordutegia astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara da. Asteazkenetan arratsaldez ere egin daiteke, 17:00etatik 19:00etara.

Azkenik, ordainpeko ikastaroen kasuan, ikastaroetako erabiltzaileek zatikako ordainketa egiteko aukera dutela nabarmendu du kirol zinegotziak. "Aukera hori hartuz gero, irailean %60a ordaintzen da eta urtarrilean gainerako kopurua".