Diploma olinpikoa, arantzatxoa kentzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abu. 31a, 11:05
Nahia Zudaire Borrezo Tokioko Aquatic Centre-ko igerilekuan. Arg.: Buruntzaldea IKT

Buruntzaldea IKTko kide Nahia Zudaire Borrezo Tokioko Paralinpiar jokoetan lehian da. Gaur, S8 mailako 400 m. estilo libreko probako finalean parte hartu eta laugarren postua eskuratu du Zubietako gazteak

Nahia Zudaire Borrezo igarilariak larunbatean egin zuen debuta Tokioko Paralinpiar jokoetan. Hasiera gazi-gozoa izan zen, ordea.

Paralinpiar Joko batzuetan lehenengoz uretara jauzi egin zuen 200 m. lau estilo probako sailkapenean. Tamalez, proban zehar huts tekniko bat egitea egotzi zioten epaileek, bular estiloan tximeleta ostikada egitea eta kaleratua izan zen.

Gaur, ordea, estilo libreko 400 m. proban hartu du bere ordaina. Buruntzaldea IKTko igerilariak lehiakide gogorrak zituen finalean. Proba hasieratik Stickney eta Long estatubatuarrek ezarri dute erritmoa eta euren artean banatu dituzte urrezko eta zilarrezko domina, hurrenez hurren. Hirugarren postuan, Palazzo italiarra sailkatu da.

Zudaire Borrezok, berriz, atzetik aurrerako lasterketa egin du. Lehengo 100 metroetan bosgarren postuan zegoen arren, 200 metroko pasea baino lehen Maack alemaniarra gainditu du. Ostean, pixkanaka tartea irekitzen joan da, baina Palazzo italiarra eta podiuma urrun zituen gazteak. Beraz, erreferentziarik gabe egin ditu azken metroak eta 5:07.67 denbora eginez, ezin izan du Espainiako errekorra gainditu. Hala ere, 4. postua eta diploma olinpikoa eskuratu ditu igerilari gazteak.

Ostiralean, irailaren 3an, azken probari aurre egingo dio Buruntzaldea IKTko igerilariak, 100 m. tximeleta.