"Bidea luzea da, baina Lasarte-Oria eta lasarteoriatarrak ondoan eduki ditut eta hori oso eskertzekoa da"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abu. 3a, 20:53

Urrea, zilarra eta brontzea. Hiru metaletako domina bana du Maialen Chourraut piraguistak K1ean. Azkena eskuratu berritan eta  Espainiako Txapelketaren atarian, jaioterrian jaso du astearte arratsaldean herrikideen eta agintarien aitortza. Haiek bidean lagun eduki izana eskertu eta nabarmendu du behin eta berriro aitortza ekitaldi xume bezain hunkigarrian.  

"Eskerrik asko bihotz-bihotzez; eskerrik asko Lasarte. Domina hau zuena ere bada, zuek ere hemen zaudete". Tokion duela astebete irabazitako zilarrezko domina eskuetan, hitz horiekin eskerrak eman dizkie Maialen Chourraut piraguistak Okendo plaza bete duten herrikideei. Hunkituta jaso ditu haien txaloak eta Lasarte-Oriako Udalak egindako omenaldia. Astebete da Olinpiar Jokoetan domina lepotik zintzilikatu zuenetik eta erakustea gustuko ez duela esan arren, behin baino gehiagotan egin du.

Udaletxeko atarian zain zituen ATCko jokalari ohiak eta haiekin hizketan aritu da ekitaldia hasi baino lehen. Lepotik zintzikik zuten piraguistaren argazki bana "Zorionak Maialen!" goiburuarekin. Zehaztutako orduan hurbildu ahala, poliki-poliki, herritarrak biltzen joan dira eliza aurrean eta errepide inguruan. Arkupean, berriz, zenbait udal ordezkari, Agustin Valdivia alkatea buru, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol diputatu Harkaitz Millan eta kirol zuzendari Goizane Alvarez. Chourrauten senar eta entrenatzaile Xabier Etxaniz  heldu denean, agurtu, eta errepidera irten dira bikotea, alkateak eta diputatuak lagunduta. Dantzariek agurra dantzatu diete. Udalbatza aretoan egin beharreko ekitaldira jo aurretik, Chourrautek buelta eman du eta eskuarekin agurtu ditu bertaratutako lasarteoriatarrak. Ondoren, ezpata eta arkuak eskuan zituztela dantzariek egindako bidea zeharkatuta sartu da udaletxera. 

Harrera, udalbatza aretoan

Senideak albo batean, agintariak bestean, eta gutxi ez ziren komunikabideak, zutik. Haien aurrez aurre zeuden bi besaulki zurietan eseri dira Etxaniz eta Chourraut. Alboko mahaian, berriz, bi zapi zuri Lasarte-Oriako armarria eta zorion hitzekin. Millan izan da atrilera irten eta hitza hartzen lehena. Zoriondu egin du lasarteoriatarra lortutako "balentriagatik", emakumezkoen kirol historian "mugarri" garrantzitsua izan delako "emakume bat eta ama izan den emakume bat noraino irits daitekeen" erakutsita. Gogora ekarri ditu piraguistaren beraren hitzak, bidearen garrantzia nabarmentzen; baina dominaren ikusgarritasunak ere baduela gehitu du, "neska-mutikoek ikus dezaten eredu asko daudela", futbolaz gain beste kirol batzuk ere badirela, eta "lan gogorrarekin emaitza aipagarriak" erdiets daitezkeela.

Alkateak hartu dio jarraian lekukoa. Chourraut bertan izatea "ohorea eta harrotasuna" dela aitortu du eta eskerrak eman dizkio Lasarte-Oriaren izena munduan zehar eramateagatik. Halaber, gazteriaren jarraitu beharreko eredutzat jo du, batetik, "arrakasta erraz eta nagusi den" egungo gizartean bere "ahalegina eta adorea" erreferente ona baitira; eta bestetik,  "oraindik ere kirolean bizirauten duten tik matxistak gaindituz dena ematen duelako neska-mutilen eredu gisa". Are gehiago, aitortza jasotzea zaila den "kirolaren mundu matxistan" eta piraguismoa bezalako kirol minoritario batean. 

Harrera doitu egin behar izan dute bihar bertan bueltatuko delako lehiara, Espainiako Txapelketan oraingoan. Hala ere, omenaldia egiteko aukera izan dute ekitaldi xume eta hunkigarri batekin.  Chourrauten adierazpen batzuk aintzat hartuta, alkateak gehitu du: "Kosta egiten zait ados egotea esaten duzunean ez zarela kirolaren legenda bat. Beharbada ez zara  legenda bat izango, baina ez dut hitz aproposik aurkitzen batez ere zer zaren definitzeko, bereziki, zure herrian, Lasarte-Orian. Baina ezin duzu saihestu Lasarte-Oriako, Euskadiko, Espainiako eta munduko kirolaren erreferente izatea". Etxanizi eta Iñaki Chourrauti hitz batzuk ere eskaini dizkie, eta amaitzeko, eskaera egin dio txapeldunari: Lehiatzera doan tokira doala, "Lasarte-Oria bihotzean eramatea, guk gurean zaramatzagun bezala".

Orduan, mahai gaineko lore sorta bana eman die Chourrauti eta Etxanizi; baita bakoitzari zegokion zapia sorbalda gainean jarri ere. Eta orduan bai, omenduaren txanda heldu da. "Oso eskertuta nago harrera bero honengatik, baina, batez ere, bide guzti honetan, egunero, Lasarte-Oriara etortzen naizen bakoitzean, lasartear batekin aurkitzen naizen bakoitzean... beti ematen didaten animoengatik, berotasunagatik. Bidea luzea da, bost urte dira, Olinpiar Jokoak lau urtean behin bakarrik dira, baina Lasarte-Oria eta lasarteoriatarrak ondoan eduki ditut eta hori oso eskertzekoa da. Bultzada horrekin joan naiz". Zati askotan partitu eta herrikideekin banatu nahiko lukeen zilarrezko domina atera du lehenengoz, eta berezia bada ere, bideari eman dio garrantzia. Berak egindakoari eta bere ondorengoek egin dezaketenari. Bere izena izango duen kanalari esker "Maialen gehiago" egotea espero du. 

Plaza, lepo

Aretoan bildutakoekin hainbat argazki egiten zituen bitartean, Maialen Chourraut ikusteko gogoz zeuden lasarteoriatarrez betetzen joan da Okendo plaza. Itxaronaldia arintzeko aurkezle batek omenduari buruzko zenbait azalpen eman dizkie. Txaloaldia entsegatzeko tartea izan dute eta primeran atera da txapelduna azkenik balkoira irten denean. Eskuarekin agur eginez erantzun die herrikideei udaletxe berriko balkoitik. Txaloaldi luzearen ondoren, galdera bota dio aurkezleak "Lasarte-Oriako enbaxadoreari". Horri erantzun aurretik, ordea, eskerrak eman dizkie bertaratutakoei.

Lortutakoa onartzea kosta zaiola aitortu du Chourrautek, baita hirugarren domina batekin bueltatzea "ametsa" zela ere. Tokiora "ahalik eta hoberen" heltzea zuen helburu, onena ez zela jakitun, nahiz eta arerio nagusi zituen Ricarda Funken eta Jessica Foxen mailan egoten ahalegindu. "Ondo atera zen, baina gaizki atera izan balitz, zer?". Erretorikoa dirudien galdera horri erantzuna da behin eta berriro nabarmendu duen "bidea".

Galderaz galdera, udalbatza aretoan esandakoa errepikatzen joan da, plazan zeudenei aurrez esandakoa azalduta. Espainiako Txapelketa du hurrengo erronka, baina "lasaitasunez" lehiatuko da oraingoan. Gero, lortutakoa disfrutatzea eta senitartekoekin egotea du buruan.  

Domina eskuan, hura eta bertaratutako guztiak hatzarekin seinalatuta, lasarteoriatarrena ere badela errepikatu du Chourrautek. Amaitzeko, argazki sorta berri bat egin diote The Best abestia ozen entzuten zen bitartean.