Lasarte-Oria Trail taldeko kideak, Tucas de Ixeia inguruan lehian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 29a, 14:30
Karlo Gonzalez Sanchez eta Ines Aguado Blanco probako moentu ezberdinetan. Arg.: LOTME

Gran Trail Aneto Posets lehiatu zen uztailaren 23tik 25era, Benasque, Huescan. Hiru proba ezberdin izan ziren, horien artean, Lasarte-Oria Traileko Ines Aguado Blanco eta Karlos Gonzalez Sanchezek burutu zuten Tucaseko Maratoia

Tucas de Ixeia inguruko bideetan barrena 42 kilometroko ibilbidea egin zuten parte-hartzaileek uztailaren 24an. Bidean Estóseko eta Angel Orus aterpetxeak igaro zituzten eta guztira, 2.500 metroko desnibel positiboa izan zuten.

Gonzalezek 7:21:55 behar izan zuen ibilbidea egiteko. Sailkapen orokorreko 161. postuan eta beterano mailako 53.ena eskuratu zituen. 

Aguadok, berriz, 8:02:28 behar izan zituen Benasqueko helmugara iristeko. emakumeen mailan 21.ena izan zen eta beterano mailan, hamargarrena.

Mendi Festa

Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteak 3. Mendi Festako izena ematea irekia dagoela gogorarazten du. Proba irailaren 26an egingo da eta hiru ibilbide izango dira. Informazio gehiago elkartearen sare sozialetan, zein webgunean dago eskuragarri. Izena ematea www.kronoak.com orrialdean egin behar da.