Hiru ordu 1.000 euro gastatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021ko uzt. 29a, 10:55

Asteazken arratsaldean jaso du, Mikel Manterola herritarrak Aterpearen 'Eskuratu 1.000 euro' kanpainako saria. Hiru ordu izan ditu herriko establezimenduetan erosketak egiteko

Okendo plazan egin du, Aterpea merkatarien elkarteak Eskuratu 1.000 euro kanpainaren sari banaketa. 16:30erako finkatua zuten hitzordua herriko plazan, eta ordurako Daimier DS420 Limousine modeloko autoa bertan zegoen irabazlea herrian barrena garraiatzeko zain. Aterpeako bazkideek eta jarduneko alkate David Mateosek egin diote harrera kanpainaren irabazle Mikel Manterolari. Hamar euroko 100 erosketa-txartel eskuratu ditu herriko establezimenduetan erabiltzeko, eta, horretarako, hiru ordu izan ditu. 17:00etan hasi da erosketak egiten, eta 20:00etan amaitu. 

Erosketa-txartelak erabiltzeko baldintza bakarra ezarri diote Manterolari; establezimendu bakoitzeko, gehienez, hamar erosketa-txartel erabiltzea. Hau da, gehienez 100 euroko gastua egin ahal izan du establezimendu bakoitzean, gutxienez, hamar establezimendu bisitatuz. 

Sarituaren lana errazteko, Aterpe merkatarien elkarteak  gidari batek gidatutako Daimler DS420 Limousine modeloko auto bat jarri du bere esku, "udalerria azkarrago eta erosoago zeharkatzeko, eta kanpainara atxikitako establezimenduetara joateko". 

Merkatarien elkarteak jakinarazi du, 67 establezimenduk hartu dutela parte aurtengo kanpainan. 

Irailetik abendura arteko kanpainak

Aterpeak iraila eta abendua bitartean egingo dituen kanpainak ezagutarazi ditu. Stock azoka, Bezeroen hamabostaldia, Pura Suerte, Ferraren bila, Black Friday, Parking kanpaina, Eguberrietako kanpaina, eta, publizitatea, sustapena eta prestakuntza dira aurrera eramango dituzten egitasmoak. 

Informazio hori ezagutaraztearekin batera, herritarrei kanpaina horietan parte hartzeko deia egin diete: "Kanpaina hauen arrakastarako zure laguntza eta parte-hartzea espero dugu".